Bikain ziurtagiria lortu du Amezketako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 23a, 11:58

Amezketako Udalak esan du bere eguneroko jardunean euskararekin konpromisoa duela, eta udaleko ehunka izapide edo tramite ere euskaraz egitea euskara normalizatzeko ezinbesteko modua dela.

Amezketako Udalak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren goi maila egiaztatu du maiatzean zehar burututako ebaluazio prozesu baten ondoren. Bikain ziurtagiri ofizial eta publikoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskalit-Kudeaketa Aurreratua Fundazioak kudeatzen duten ebaluazioan ardatz hauek zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste, udalaren komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa. Apirilean eta maiatzean zehar, ziurtagiria lortzeko aurrera eraman den prozesuaren bitartez euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtu dituzte Amezketako Udalean, eta horretarako hainbat txosten osatu dituzte eta kanpo-ebaluazio bat ere egin dute Bikain Ebaluatzaile Klubaren eskutik.

Horrekin guztiarekin, Eusko Jaurlaritzak aitortu egin nahi izan dio Amezketako Udalari maila hori lortzeko egin duen lana, eta udalak euskararen erabilera areagotzeko bidean aurrera jarrai dezan bultzatu nahi du.

Amezketa herri euskalduna izanik, udalak esan du jabetuta dagoela bere eguneroko jardunean euskararekin duen konpromisoaz eta lan ildoaz eta horiek sustatu beharraz. "Euskaraz hitz egitea euskara sustatzeko modu bat da, zalantzarik gabe, baina udaleko ehunka izapide edo tramite ere euskaraz egitea, gure herriko hizkuntza normalizatzeko ezinbesteko modua ere bada, eta garrantzi izugarria duena", esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!