GenEroa-ren Hormak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2021ko uzt. 24a, 19:58
Kimua dantza kolektiboaren 'GenEroa' ikuskizunaren une bat. KIMUA

Ekainean, aste berean, behin baino gehiagotan sentitu dut geratzeko premia. Beste aukerarik ez dut izan: egiten ari naizen guztia alde batera utzi, eta entzun barruari; erupzioan hasi baita. Kasu guztietan barrutik, erraietatik, sortutako erupzioa izan da; bat-batean behetik gora etorritako malko-laba begietatik isurtzen hasi, eta geratu ezin.

Ederra da ba, tarteka, barruak agintzea; buruak agindu beharrean. Barruak bere ordena jartzen duenean alferrik dira eskolan ikasitako teoriak, alferrik tabernan garagardoa eskuetan sortutako teoriak, alferrik itxurakeriak, usteak eta pitokeriak. Horrelakoetan, agerian geratzen da urteetan eraikitzen joandako pertsonaia, horixe dela: pertsonaia. Ez dela erreala, alegia. Barru madarikatua: errealitatea gordin!

Ez nago eroso nire gorputzean, ez dut asmatzen nire gorputza munduan kokatzen, ez dakit nola jokatu behar dudan

Erraietatik gora igotako errealitate horrek dio ez nagoela eroso. Ez nago eroso nire gorputzean, ez dut asmatzen nire gorputza munduan kokatzen, ez dakit nola jokatu behar dudan. Nire geneak ote dira eroak? Ni ote naiz munduaren aurrean hormak eraiki dituena? Eta zergatik eta zertarako eraiki hormak? Beldur naizelako? Babesteko?

Niregandik zer espero da, orokorrean? Zuk zer espero duzu? Eta nik zer espero dut? Presio handiegia eragiten dit horrek! Askatu nahi, eta ez lortzen inoiz!

Bi izan dira ustezko-nire-barru-lasaia hain lasai ez dagoela ikusarazten lagundu didaten artelanak: Kimua Dantza Kolektiboaren GenEroa antzezlana eta Oihana Iguaranen Hormak eleberria. Bietan biolentzia agertzen da. Bietan agertzen da nola moldatu behar dugun gure nahia eta gure izatea; izan behartu gaituztelako, izan guk gure burua behartzen dugulako. Biolentoa zait nork bere barruak dioena ukatzea besteen onarpena behar duelako; izan generoagatik, izan ingurukoekin hartutako rolagatik.

Neure burua ikusi dut bi obra horietan, eta horregatik zait biolentoa. Nire barruaren berri eman didate. Nire izaera atera nahi eta ezin etengabean bizi naiz! Beldur naiz, batez ere, ingurukoei min ematearen beldur; eta horrek narama, nahi gabe, neure buruari min ematera. Neure burua lotzera, eta nahi dudan hori ez lortzera.

Ispiluaren aurrean jarri naute eta badaukat uda osorako lana!

Eta zuk ere irakurle, badaukazu uda honetarako zeregina: segi herriren batera GenEroak ikustera, edo jarri besaulkian lasai, eta hasi Hormak irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!