Turismoari begira, aurten ere, bisita gidatuak egingo dituzte Amezketan

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 8a, 07:58
Iazko uztailean egin zuten bisita gidatuetako bat.

Iazko esperientziari jarraipena emanez, Amezketako Udalak herria ezagutzera emateko bisita gidatuak antolatu ditu; hilaren 17an hasi eta irailaren 12ra bitarte luzatuko dira.

Amezketako Udalak iaz jarri zuen herrian bisita gidatuak egiteko eskaintza martxan, eta aurten errepikatu egingo dute. Turismoari begira eta Argi ezkutuaren bila izenpean, herritarra den Agurtzane Garmendiak egingo ditu bisita gidatuak.

Gipuzkoa barnealdeko herri txikia izanagatik, kontatu beharreko eta erakusteko asko du Amezketak: tradizioa, kultura, kondairak, natura, historia... Hori dela eta, herriko altxor ezkutuak eta bertako kultura ezagutzera emateko izango dira bisita gidatuak. Ahoz aho kontserbatutako ondare immateriala eta ahoz aho transmititu dena, orain bisita gidatu moduan belarrietatik berrietara iristea nahi dute amezketarrek.

Amezketako San Bartolome eliza Argizaiolen tradizioa mantentzen duen azken elizetako bat da. Hilobiak ditu lurrean, eta senide bakoitzaren aulkiak eta hildakoen omenezko kandelaren taula ere baditu.

Elizako bisitaz gain, euskal mitologiako jainkosa paganoaren, hau da, Mariren bizilekua den eta Txindokiren magalean dagoen Marizulo ere ezagutzeko aukera izango da. Bost geldiuneko bisita gidatua da, eta ordu eta erdiko iraupenean egiteko modukoa. San Bartolome elizaren atzeko aparkalekua da bisitarien topagune eta abiapuntua, eta obretan egon den eta udalak guztiz berritu duen Ierabizkar errotan amaituko dute bisita. Errota bera bisitatuko dute, eta bisita gidatuetarako errota martxan jarri nahi dutela esan dute udaletik.

LARUNBAT ETA IGANDEETAN

Uztailaren 17an, larunbatean, egingo du Garmendiak lehen bisita eta irailaren 12ra bitarte luzatuko dute bisitak egiteko aukera. Larunbatetan 18:00etan izango lirateke eta igandeetan, berriz, 12:00etan. Hori bai, aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa izango da. 657 370 156 telefono zenbakira deituz edo whatsapp mezua bidalita. Hizkuntza ere aukeratzeko aukera izango da, hau da, euskaraz edo gaztelaniaz egin nahi den.

Ohiko sarrera hiru eurokoa izango da, eta murriztua den kasuan, 1,5 euro ordaindu beharko da. Lau urtetik beherako haurrentzat doan izango da. Eta gehienez ere 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!