Beste txapel baten bila joango da bihar Altuna III.a

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 6a, 16:55

Jokin Altuna amezketarrak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatuko du bihar eguerdian, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Larunbat gauean Joseba Ezkurdiari 22-17 irabazi ondoren lortu zuen finalerako txartela Altuna III.ak. Bi pilotariek lan zaila izan zutela azaldu zuen amezketarrak partida amaitu ondoren, «ikaragarrizko beroa» egiten zuelako. Partidan zehar «opari gutxi eta lan handia» egin zuela azaldu zuen, eta «tanto onak» egin zituela ere. «Ez da hain partida ikusgarria izan, baina sekulako erritmoan jokatu dugu. Ni ikaragarri pozik nago, 17-15eko markagailuari buelta ematea lortu dudalako». Izan ere, «berriz ere egun handi bat bizitzeko aukera» izango duela esan zuen Altunak.

Eskuetako minez ez dagoela esan du amezketarrak, eta atsedena ondo etorriko litzakeela; «baina horrelako egunak eta finalak jokatu nahi izaten ditugu pilotariok». Orain gutxi berriro ere profesional mailara itzuli den Unai Laso izango du aurkari Altunak biharko finalean. Lasok ostiralean 15-22 irabazi zion Urrutikoetxeari, eta igandeko finalerdian 6 tantotan bakarrik utzi zuen Agirre. Gogo handiz dagoen aurkaria izango du, beraz, Altunak, Labriteko finalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!