Zerbitzu berria martxan, San Martin auzoan

Amezketako Udalak egurrezko etxola bat jarri du San Martin auzoan, eta Jose Ignazio De Paz da kudeaketaz arduratuko dena.

Txoko ederrak baditu Tolosaldeak, eta horietako bat da Amezketan dagoen San Martin auzoa, eta, batik bat, bertan dagoen atsedenlekua. Orain, gainera, koronabirusaren garai hauetan, balio handiagoa hartu du natur guneak.

Aralar natur parkea aurrez aurre duela, Txindoki mendiaren begiradapean, ezker eta eskuin paraje ederrez gozatzeko aukera ematen du San Martin auzoak. Zelai ederra, mahai eta aulkiak, haurrentzako parkea, iturria, parrilak, komun publikoak, eta guztia Atari izeneko arte lan ederraz lagunduta dago. Hutsune bat bazuen, ordea, San Martin auzoak, eta orain, udari begira etxola bat jarria du udalak zerbitzu gehigarri bat eskaintzeko; jatekoa eta edatekoa izateko, hain zuzen ere.

Egurrezko etxola bat jarri du udalak, eta lehiaketara atera zuen. Ekainaren erdi aldetik martxan da, eta adunarra den, baina Amezketan bertan bizi den Jose Ignazio De Paz da arduraduna. Gozokiak, edatekoa eta jatekoa eskaintzen ditu.



Langabezian zegoen De Paz, eta lana egiteagatik animatu dela azaldu du. Pare bat aste dira martxan jarri zuela, eta «gustura» ari da. Sentsazio «onak» ditu lan berriaren inguruan, baina «eguraldiak ez du laguntzen asko», azpimarratu du. 10:00etatik 22:00etara zabaltzen du etxola.

Aterperik ez, eta eguraldi txarrak atzera botatzen du jendea, eta orduan antzematen du gehien: «Hiru bat lagun edo pasatzen dira». Eguraldi onarekin, berriz, jende ugari izaten dela azaldu du.

Amezketarrekin pozik agertu da: «Herritar ugari etortzen da. Egunero-egunero etortzen da jendea paseatuz», eta gaineratzen du: «Kafetera jarria dut, eta kafetxo bat hartzeko aukera badute». Goizez baino arratsaldez jende gehiago dabil San Martinen: «Goizez lasaiago egoten da, eta arratsaldeetan haurren kuadrillak-eta inguratzen dira». Honela, amezketarrek poteoa luzatzeko aukera ere badute, herriko tabernetatik pasatzeaz gain, San Martinera igoz.

Baina herritarrez gain, kanpotik ere jende asko joaten dela nabarmendu du. «Lehen ez zegoen ezer hemen, eta jada inguruko herrietakoak jakitun dira», dio. Hori bai, batik bat, kanpoko jendea asteburuetan gerturatzen dela esan du, eta asteko egunetan herritarrak direla San Martinera igotzen direnak.



Kafetera jarria du, eta horrez gain, ume eta ez hain umeei begira, era askotako gozokiak jarri ditu, eta baita izozkiak ere. Edarien eskaintza ere badu, eta oraingoz, pintxoren bat jateko gazta eskaintzen du. «Momentuz ia jatekorik ez dut. Argindarra jarri behar didate, eta oraindik ezin dut». Baina ideiarik ez zaio falta De Pazi: «Labea jarria dut etxolan, eta pizzak-eta eskainiko ditut».

Asteburuei begira etxola bete-bete eginda jartzen ahalegintzen da, «ezer falta ez dadin». Jendeak gehien izozkiak eskatzen dituela kontatu du, baina baita patata edota pipa zorroak ere.

Inguru guztia «txukun-txukun edukitzen ahalegintzen naiz», dio, eta jendea ere «nahiko txintxo» ari dela esan du. Egunean hiru bat aldiz pasatzen da mahaien inguruetatik txukun mantendu ahal izateko, eta aitortu du batzuk hondakinak bertan uzteko ohitura badutela.

JOLASAK ETA MUS TXAPELKETA

Etxolaren ertz batean telebista jarri du De Pazek, eta honela, pilota, futbola edota Tourreko lasterketak jarraitzeko aukera ematen du. Eguzkitako pare bat jarriko dituela aurreratu du.

San Martin auzoan elkartzen direnentzat edota jendea erakartzeko mus txapelketa ere antolatzekotan da, eta dagoeneko hasia dela haurrentzako jolasak egiten adierazi du. «Txikia da, baina moldatzen naiz», dio, eta jendeak asko eskertu duela esan du: «Pozik daude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!