Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

«Orain hobeto sentitzen naiz, konfiantza handiagoa baitut nigan»

Iñigo Terradillos / Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 22a, 07:59

Orain gutxi zendu den aitona izan du gogoan Jokin Altunak txapela eskaintzerakoan. 25 urterekin final gehien jokatu dituen pilotaria da, ondo ari dela uste du eta bide beretik jarraituz gero, txapel gehiago irabazteko lehian izatea espero du.

Garaipen handiaren biharamunean pozik azaldu da Jokin Altuna (Amezketa, 1996). Bigarren txapela jantzi du buruz burukoan pilotari amezketarrak.

Nola jaso zenuen Amezketak prestatu zizun ongietorria?

Ederra izan zen. Ez nuen horrelakorik espero. Udaletxera igo ninduten, bertso batzuk kantatu, dantza egin... Hitz batzuk egiteko aukera ere izan nuen. Oso egun polita izan zen. Etxekoekin ere afaldu nuen, eta lagun askorekin egon nintzen. Oso eskertuta nago amezketar guztiei.

Zer egin zenuen bereziki ondo finalean?

Gauza asko egin nituela ondo esango nuke. Sakean eta errestoan ondo aritu nintzen, baina, garrantzitsuena izan zen ez niola uzten Rezustari agintzen.

Zertan izan da desberdina buruz buruko hau?

Jokoari dagokionean, agian buruz buruko agresiboena izan da. Beti da gogorra eta zaila, baina, azken honetan partidak era gogorragoan hasi ditut eta horrek irabazten hasteko balio izan dit. Nire ustez, esperientzietatik ikasi behar da, eta hobetuz joan. Fisikoki ere, hobeto ikusten dut nire burua urteak aurrera doazen heinean.

Bilakaera nabari duzu, beraz.

Esperientzia irabaziz zoazen heinean, hobetuz zoaz. Orain hobeto sentitzen naiz, konfiantza handiagoa baitut nigan. Agresiboago jolasten ari naiz, eta horretarako zure burua ondo ikusi behar duzu.

Jokin Altuna lasai bat ikusi ahal izan zen finalean.

Lehen huts egiten nuenean beste era batera hartzen nuen, eta garrasika-eta hasten nintzen. Orain zentratuago ikusten dut neure burua, lasaiago. Horregatik diot esperientzia garrantzitsua dela.

Txapela nori eskaintzen diozu?

Pertsona asko etortzen zaizkit burura. Aitonari eskaini nahiko nioke, ezin izan duelako ikusi, eta horrek pena handia eman zidan. Bestetik, Jokin Etxanizi eta David Dominguezi ere eskaini nahiko nieke, beraiekin lanean oso gustura nagoelako.

Nekane arrebarengana joan zinen eskuak altxatu ondoren txapela ospatzera.

Partida guztietan lagundu dit, eta une guztiak bizitzea egokitu zaio, onak eta ez hain onak. Azken tantoa eta gero horrela atera zitzaidan, eta berarengana joan nintzen ospatzera lehendabizi.

Gorka Altuna lehengusua zer moduz aritu da botilero?

Oso ondo. Gorkak lasaitasun handia eman dit. Bere adinerako pertsona oso heldua da. Konfiantza handia eman dit, eta oso pozik nago berarekin.

Zein izan da partidarik lehiatuena txapelketan?

Ezkurdiaren aurkakoa. Josebaren aurkakoak beti izaten dira gogorrak, eta berari irabazteak konfiantza gehiago ematen dizu.

Sei hilabete ere ez dira pasa Lau eta Erdiko txapeletik.

Bai, eta poza ematen dit. Emaitzak eguneroko lanean jarraitzeko motibazioa dira. Ilusioa egiten dizu eta oso polita da. Hori bai, txapela lortzeko txapelketan gauza asko egin behar dituzu ondo. Ondo ari naizela uste dut, eta horrela jarraituta ziur naiz partida garrantzitsu gehiago etorriko direla.

25 urterekin final gehien jolastu duen pilotaria zara.

Garrantzitsua da, baina ez diot pisu gehiegirik ematen. Irabazteko goseak motibazioa ematen dizu, baina, horrek egunerokoa izan behar du. Entrenatzeko eta hobetzen joateko gogoa izan behar duzu. Errazagoa da gogoz eta zure buruarekin gustura bazaude aurrera egitea. Hori bai, ez nuen pentsatzen honaino iristea lortuko nuenik. Orain badut gogoa udari begira tentsio gutxiagoko partidak jokatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!