Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Festa giroa Amezketan

Leyre Carrasco 2021eko ekainaren 20a

Egun borobila izan da Jokin Altunaren herrian; goizean goizetik animoak eman dizkiote pilotariari eta garaipenarekin alaitasuna eta festa giroa zabaldu da herrian.

Amezketara sartu orduko nabari da egun berezia dela; kaleak hutsik eta tabernak beteta baitaude. Bakarkako Buruz Buruko finala hasteko minutu gutxi batzuk geratzen badira ere, herrian jada badute irabazlearen izena: Jokin Altuna.

Plazako bankuan eserita dauden bi amonek parez pare dute partiduoro hutsik egiten ez duen herriaren babes mezua. Aupa Jokin. Pelotaren magoa pelotari trebea ta ona lelopean irakur daiteke aurtengoan udaletxea atontzen duen pankarta erraldoia. Amezketako kaleen barrena oihuak entzun dira dagoeneko. Hasi da partidua.

Herritarren babes eta animo mezuek nahiko indar eman diote lehen minutuetan pilotariari markaigailuan 0-6 buru jartzeko. Amezketatik Bilbora, eta Bilbotik Amezketara dagoen konexioa handia dela nabari da. Abestiak ez dira falta izan tartean, eta baten batzuk dantzatzera ere animatu dira.

Azken minutuak

Txapela nork jantziko duen dudarik ez dute Beartzana jatetxean, kanpoaldean dagoen pankartak argi uzten baitu norena izango den garaipena: «Txapela batekin ezin bi buru tapatu. Bi txapelekin buru bat bai ordea. Aupa Altuna!».

Markagailua 5-21 eta ikusle guztiak garaipena ospatzeko prest daude jada; zutik eta irribarre handi batekin. Iritsi da azken tantoa, eta horrekin batera bigarren txapela. Oihuak, besarkadak eta emozio-malkoak dira nagusi oraingoan Amezketan. Txalo zaparrada batekin eman diote amaiera partiduari, baina ez egunari.

Izan ere, ospakizun handi bat zuen zain pilotariak bere herriko plazan. Aurresku eta bertsoak,  herritarren txaloak eta festa izan da nagusi. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!