Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

«Jokin perfekziotik gertu egon dela esango nuke»

Ataria 2021ko eka. 20a, 22:00

Gorka Altuna Jokin Altunaren botileroak azaldu du partidan bezala, aurretik ere «oso lasai eta zentratuta» zegoela Jokin Altuna; «sekulako gozamena izan da finalean bere ondoan egotea», esan du.

Lehengusua du Jokin Altuna, eta «zeruan» dagoela horrelako finala irabazita esan du. Hasieran tentsioa izan arren, abantaila handitzen ikusita lasaitasuna areagotzen joan dela azaldu du.

Nolako sentsazioak izan dituzu partidan?

Final batean lehen tantoetan bereziki tentsioa izaten da. Dena den, segituan ikusi da Jokin oso ondo jokatzen ari zela, eta horrek konfiantza handia ematen du. Partidaren aurretik ere oso lasai eta zentratuta ikusten zitzaion. Bere jokoa aterako zuela pentsatzen nuen, baina ez nuen espero final batean horrelako maila emango zuenik. Beñat Rezusta jokatzeko zegoen, baina, ez dio inongo aukerarik eman. Perfekziotik gertu egon dela esango nuke.

Altunazaleek final bat lasaitasunez ikusteko aukera izan dute.

Zeruan nago horrelako finala irabazita. 7-0 hasi da segituan. Txapelketa guztian hiru partidetan hasi da irabazten, baina, final batean horrelako abantailarekin hasteak sekulako konfiantza ematen dizu. Tentsio handia kentzen duzu.

Zer aholku ematen da horrelakoetan?

Kontzentrazioa ez galtzen saiatzen zara, ahalik eta isilen egon, geldirik, molestatu gabe. Oso ondo jolasten ari zela ari nintzen ikusten. Tanto batzuetan saiatzen zara zer edo zer esaten, agian kanpotik hobeto ikusten delako. Baina, egia esan, Jokini ez dago ezer handirik esan beharrik. Sekulako gozamena izan da bere ondoan egotea finalean.

Txapelketa borobila egin du.

Uste dut ikasi duela partidak lasaiago hartzen, horrelako egunak disfrutatzen. Jakaren artekoan, esaterako, kolpe handia hartu zuen. Beraz, esan daiteke maila bat egin duela gora buruari dagokionean. Maila honetan guztia egin behar duzu ondo, eta Jokinek joko ona egiten duenean oso zaila da berari aurre egitea.

Pena, Artolaren aurka ezin jokatu izana.

Sekulako pena. Ze lesio zuen jakitean ikusten zen aukera handirik ez zuela izango finala jokatzeko, eta jokatuta ere ez zuela ehuneko ehuna emango. Erabaki ona hartu du. Gaztea da, eta izango ditu aukera gehiago. Ezagutzen dugun guztiok badakigu nolako pertsona. Nire kasuan, ezagutzen dudan pertsonarik onenetakoa dela esan behar dut. Pilotari eta pertsona bezala asko estimatzen dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!