Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

«Txapelketa oso ona izan da niretzako, hasieratik bukaerara asko disfrutatu dut»

Ataria 2021ko eka. 20a, 20:58

Kantxara atera den momentutik partidan sartu dela esan du amezketarrak, lasai zegoela. Argi zuen bere partidua egitera aterako zela, eta tantoz tanto, horixe erakutsi du markagailua 22ra iritsi den arte.

Pozik azaldu da Jokin Altuna amezketarra ETB1ek partida amaitu berritan egindako elkarrizketan. Txapela janztea urte guztian zehar egindako lanaren emaitza izan dela esan du eta finala jokatzerik izan ez duen Iñaki Artola alegiarra izan du gogoan. Esan du etorkizunean bere aurka final bat jokatu nahiko lukeela: «Seguru nago berak ere irabaziko duela txapel bat eta berarekin ospatuko dudala egun horretan». 

Xabier Euzkitzek esan berri du: Pilotari magikoa da Altuna.

Magikoa ez dakit, baina oso pozik nago. Txapelketa oso ona izan da niretzako, hasieratik bukaerara asko disfrutatu dut. Egia esan, kantxara atera naizenean lasaiago nengoen, izan ere, lo ez dut hain ondo egin, eta beti edukitzen duzu finala jokatzeko tentsio hori. Berotzera atera naizenetik, ordea, ondo sartu naiz partiduan. Markagailua 22-5ean geratu da, bigarren zatian hautsi egin da partida, baina hasieran tanto gogorrak asko izan dira. Erdi parean pilota uzten banion, asko ematen zion berak, txisparekin ikusten nuen. Finaletan markagailuan atzetik hasteak, ordea, pisatu egiten du eta nik uste hor egon dela gakoa.

Saketik min handia eman diozu. Espero genuen sakearekin nahastu egingo zenuela, baina ez da horrela izan. Guzti-guztiak txokora atera dituzu.

Astean zehar ere esan dut, nire partida egin behar nuela. Azken batean, txapelketa guztian zehar gauza bat egiten ari bazara, eta gero finalera etorrita mirariak egin nahian hasten bazara, ez duzu asmatzen. Banekien nahiz eta ezkerrera atera, sakeari abiadura ematen banion mina egingo niola. Harritu nau hasieran airera ez zelako batere etortzen, aurrera egiten zuen, eta gero atzeraka abiatzen bazara, lan zailak dira, eta nik uste, aprobetxatu egin dudala hor sake-erremate batzuk egiteko, eta min egin diodala. 

Laugarren txapela, 25 urterekin, bigarrena Buruz Burukoan.

Txapela, lan guztiaren amaierako pastel bat bezala da, sekulako poza ematen dizu, lan handia egiten duzunean, azkenean, motibatu egiten zaitu gehiago jarraitzeko, baina tira, txapeldun atera izan ez naizenean ere, pilotariak lan handia egiten du. Gogoratu nahi nuke, baita ere, Iñaki Artolaz. Pena handia hartu dut berak finala jokatzeko aukerarik izan ez duelako, egia esan, merezi zuen jokatzea eta suerte txarra izan du. Ilusioa egingo lidake etorkizunean elkarren aurka final bat jokatzeko aukera izango bagenu. Txapela atera izan dudanetan ospakizunetan, eta txapelik jantzi ez dudanetan ere beti hor egon da eta seguru nago berak ere irabaziko duela txapel bat eta berarekin ospatuko dudala egun horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!