Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Perfekzioaren eredu

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 20a, 20:03

Beñat Rezustari 22 eta 5 irabazi ondoren lortu du buruz buruko bere bigarren txapela Jokin Altunak; hasi eta buka, erakustaldi bikaina eman du amezketarrak.

Hasiera batean, 2014ko Promozio Mailako buruz buruko finalaren errebantxa izan behar zuen atzoko partidak. Artolak, ordea, asteartean jakinarazi zuen ez zuela jokatuko, arazo fisikoengatik. Ondorioz, 3. eta 4. postuen arteko partida irabazi zuen Beñat Rezusta bergararra izan zen Altuna III.aren aurkako finala jokatu zuena. Eskualdeko derbia, beraz, Aspeko bi pilotariren arteko final berri bat bilakatu zen.

Historia egiten jarraitu nahi zuten bi gipuzkoarrek. Altuna da 25 urterekin 8 finaletara heldu den pilotari bakarra. Rezustak, berriz, atzelari berri baten izena idatzi nahi zuen txapelketaren palmaresean. Hala ere, amezketarra zen faborito garbia eta berari egokitu zaio lehen sakea. Etxetik prestatuta eramandako plana gauzatu du hasieratik amezketarrak. Sakea luze atera, eta ondoren, errestoari gantxo bikain batekin erantzun.

Ondoren, beste bost egin ditu errenkadan amezketarrak. Lehena, bi pilotariek airez sekulako pilotakadak jo ondoren, bi paretarekin amaitu du Altunak; bigarrena, sake-errematearekin lortu du; hirugarrena, atzean; laugarrena, sakez, eta azkena, ordura arteko gogorrena (25 pilotakada), defentsan bikain aritu ondoren, beste gantxo baten bitartez. Orduan eskatu du bergararrak lehen atsedenaldia.

Jaun eta jabe

Deskantsutik bueltan, handiak ematen jarraitu du Altunak, tantoak menperatzen. Hala ere, Rezustak galdu du hurrengo tantoa, pilotakada ikaragarria jo eta kontrakantxara bidali ondoren. Segidan, berriz, Altunak galdu du tantoa, sotamanoz ezker horman gehiegi loratu ondoren.

Rezustak, baina, ez du asmatu bere lehen sakearekin, eta Altunak berehala heldu dio tantoa menderatzeari. Horrela lortu du bere zortzigarren tantoa. Bederatzigarrena, berriz, sake-errematean. Rezustaren bigarren tantoa ere Altunak galdutakoa izan da; dejada egiten hasi eta txapa azpira joandako pilotakada. Rezustak bat bera ere egin gabe jarraitzen zuen, eta beste pilota bat ere bota du kontrakantxara.

Hamahirugarren tantoa izan da finaleko tanto gogorrenetarikoa. Rezustak hartu zuen tantoaren gidaritza; ezkerrez pilotakada luzea jo ondoren, Altunak zazpigarren koadrotik boleaz erantzun dio, eta dejada zoragarri batekin amaitu du bergararrak. Hurrengo sakea bikain gurutzatu du Rezustak, eta tantoa ere ederki amaitu, zehaztasun handiko dejada batekin. Bazirudien erreakzio bat etor zitekeela, eta hurrengo tantoa ere berak amaitu nahi izan du, baina txapara joan zaio bi pareta.

Lehen atsedenaldi luzetik bueltan, joko berarekin jarraitzen zuen Altunak. Ezker hormara baztertutako bi pilotakadari esker, aldea handitzea lortu du; segidan, tanto berri bat egin du atzean: 4 eta 15. Rezustak tantoak menperatu duenean ere, Altunari eman dio azken aukera, eta noski, aurrelariak ez du barkatu. Hala, 18 eta 5eko markagailuarekin heldu dira bigarren atsedenaldi luzera.

Elastiko gorria, podiumean

Handik aurrera, era guztietako tantoak bata bestearen atzetik egin ditu amezketarrak, erraztasun handiarekin. Bigarren zatian, beraz, erabat menperatu du aurkaria; izan ere, lehen atsedenaldiaren ondoren, 10 eta 1ekoa izan da partziala.

Rezustari buruz gain igarotako pilotakada bati esker lortu du txapela eman dion tantoa Altunak: 22 eta 5. Partida amaitu eta berehala, harmailetara joan da, partida jarraitzen aritu den arrebari besarkada estua ematera. Ondoren, gauza bera egin du txapelketan zehar aholkulari izan duen Gorka lehengusuarekin.

Ospakizunekin jarraitzeko, txapela jartzeko garaia heldu da. Txapelarekin batera, gainera, lehen aldiz, hurrengo urtean zehar jantzita eramango duen elastiko gorria jantzi diote Altunari. Bigarren buruz buruko txapela lortu du hiru final jokatu ondoren. Historia egiten ari da eta hazten jarraitu nahi du.

Finaleko estatistikak:
Egindako tantoak. Rezustak 3, Altuna III.ak 17 (horietatik 5, sakez)
Galdutako tantoak. Rezustak 5, Altuna III.ak 2.
Pilotakadak. 209. Rezustak 97, Altuna III.ak 112.
Iraupena. 45 minutu eta 14 segundo.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!