San Martin parkean etxola jarri eta taberna gisa ustiatzeko lehiaketa ireki du udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 2a, 15:56

Amezketako Udalak, udari begira, San Martin auzoko parkean etxola bat jarri eta taberna gisa ustiatzeko lehiaketa jarri du martxan. Ostiralean, hilak 4, amaituko da izena emateko epea.

Amezketako Udalak egitasmo berri bat jarri nahi du martxan San Martin auzoan. Bertako parkean taberna gisa funtzionatzeko etxola bat jarri nahi du, eta hori ustiatzeko baimena emateko deialdia zabaldu du. Eskaintzak aurkezteko azken eguna, ostirala, hilak 4 izango da.

2021eko ekainaren 18tik 2021eko urriaren 31 bitarteko iraupena izango luke kontratuak. Etxola jendearentzat irekita eta zerbitzua emateko moduan eduki beharko du esleituak, eta derrigorrezko epea ekainak 18tik irailak 26 artekoa izango da, eta borondatezko epean, urriak 31 bitarte eduki ahal izango du zabalik. Ordutegia, berriz, 11:00etatik 22:00etara bitartean izango da, eta udaletik argitu dutenez, 23:00etarako dena jasota egon beharko du.

Aipatutako jarduera egiteko indarrean dagoen araudian baimendutako edariak eta ontziratutako jakiak soilik saldu ahal izango dira, eta ez bestelako produkturik. Etxola irekitzeaz gain, San Martin parkeko komuna, etxola ingurua eta parke eremua egunero txukun-txukun garbituta eduki beharko ditu aukeratuak, esleipenaren jardueratik sortutako hondakinak bilduz.

Esleipena egiterako orduan, lehentasuna emango zaie gutxienez azken urte osoan zehar Amezketan erroldatuta daudenei eta ostalaritzan esperientzia duten lehiatzaileei.

Eskaintzak udaletxeko sarrera erregistro orokorrean eskuz aurkeztu beharko dira, bulego ordutegian, hau da, 08:00etatik  15:00etara bitartean. 

Informazio gehiago nahi duenak, www.amezketa.eus webgunean eskuratu ahal izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!