Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

«Niretzako marka handia da zortzi finaletan egotea»

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 2a, 07:59

Gustura dago pilotari amezketarra txapelketa honetan izaten ari den sentsazioekin; finalaren aurreko egunez gozatu nahi du, eta «ilusio handiarekin» prestatuko du Iñaki Artola alegiarraren aurkako finala.

Ekainaren 24an zazpi urte beteko dira Jokin Altunak (Amezketa, 1996) debuta egin zuenetik, eta dagoeneko bere zortzigarren finala jokatuko du lehen mailan. Gaztea izanagatik, beteranoa da txapela jokatzen den partidetan.

Zer suposatzen du zuretzat final hau jokatzeak?

Beste egun polit bat bizitzeko aukera, eta orain beste bi astetan asko disfrutatzeko aukera. Ilusio handiarekin prestatuko dut egun hori, eta disfrutatu behintzat, gero finalean disfrutatzea ez da-eta erraza izaten. Finalera positibo eta sentsazio onarekin iristen bazara, beti ere gauzak hobeto ateratzen dira.

Lehen mailan jokatuko duzun zortzigarrena, hirugarrena buruz burukoan. Ez dago gaizki.

Egia esan harro nago marka horretaz, baina gauzak hain ondo ez doazenean buruari bueltaka aritzeak ez du ezertarako balio, eta orain ondo doazelako ere berdin jarraitu behar dut nire lana egiten. Hona iristeko egin dudan bidea jarraitu behar dut.

Gero, irabazi egin nahi, noski, baina erakusten duzuna da maila handia ematen ari zarela urte guzti hauetan.

Egia esan oso gustura nago. Kontziente naiz erritmo honetan jarraitzen badut, irabazi egingo dudala, baina galdu ere bai. Final askotara iristen bazara irabazteko zein galtzeko probabilitatea handiagoa da, baina garrantzi handiagoa ematen diot horri. Hor egotea ere gauza handia da eta niretzako marka handia da zortzi finaletan egotea.

Aurtengoan, bidean Ezkurdia eta Zabaleta izan dituzu aurkari. Ezkurdiaren aurkakoa borrokatuagoa izan zen.

Josebaren aurkakoa oso gogorra izan zen. Josebari banaka irabazteko sekulako partida jokatu behar duzu, oso zaila delako eta berak ez duelako ezer oparitzen, lan asko egiten baitu. Oso gustura bueltatu nintzen etxera egun horretan, eta finalerdietarako konfiantza handia eman zidan partida horrek.

Zabaleta ez zen izan esperotako aurkaria zure kontra. Horretan zerikusia izan zenuen.

Aurreneko tantoetan, berak ematen zionean min egiten nion besagain edo sotamanoz jotzen nuenean. Ez nion berari pilota eroso uzten, eta orduan bera hirutik edo bitik aritu beharrean, lau eta erditik edo bostetik jo beharra zuen eta hor asmatu egin genuen. Gero, egia da bera ere partidatik atera egin zela errestoetan, baina bigarren partean gehiago berdindu zen partida. 10 eta 8ko partziala egin nion, eta hor berak gehiago eman zion. Oso gustura geratu nintzen. Aste guztian zehar mezu asko jaso nituen esanez aurreko koadroetan mareatu egin beharko nuela, eta ni kontziente nintzen horretaz gain bera bakarrik ariko balitz ematen partida guztian ezinezkoa litzatekeela irabaztea, eta nik ere asko eman beharko niola.

Jokoz eta indarrez ondo ikusten zaizu.

Orokorrean gustura nabil, sentsazio onarekin. Ea eusten diodan beste pare bat astetan joko puntu honi eta finalean sentsazio hauek mantentzen ditudan.

Binakakoa ez zenuen gustura amaitu, baina buelta eman diozu egoerari.

Binakakoan azken hilabetean ez nintzen puntuan sentitu, baina urtea luze doa, hilabete asko lehiatzen, eta ezinezkoa da ehuneko ehunean egotea erabat. Orokorrean oso gustura nago nola ari naizen sentitzen kantxan ikusita, eta horri ematen diot garrantzia.

Eta, orain, finalean, Artola. Poza hartu duzu.

Dudarik gabe. Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta berak ere merezi du horra iristea. Txapelketa latza egin du eta seguru nago final gehiagotara ere iritsiko dela. Ea final eder bat egiten dugun.

Nola ikusi duzu txapelketan?

Ondo, partida ezberdinak izan ditu eta partida guztietan joko ezberdina egin du eta asmatu egin du nola jokatu aurkariari. Oso fresko ikusteaz aparte, agresibo ikusi dut eta oso aurkari arriskutsua da.

Modu ofizialean ez duzu buruz burukorik jokatu bere aurka, ezta?

Hori da. Orain arte lau eta erdian eta binaka tokatu zaigu. Lehenengo partida da elkarren aurka buruz buru, eta finala. Partida latza izango da eta ea disfrutatzen dugun.

Nola egingo diozu aurre?

Ez dut ezer berezirik egiteko asmorik. Nire jokoa egin behar dut. Gero eta gehiago egiaztatzen ari naiz nik nire jokoa egin behar dudala, eta nire jokoa egiten badut min egiten diedala aurkariei. Eta ez badut nire jokoa egiten, sufritu egiten dut. Nik nire ezaugarriak ditut eta saiatu behar dut txapelketa honetan jokatu dudan bezala jokatzen: agresibo, pilotari abiadura emanez eta angeluak ondo bilatuz.

Aurreko urtean Jaka izan zenuen aurkari, orain Artola. Tolosaldea indartsu dago pilotan.

Bai, bolada latza ari gara bizitzen Tolosaldeko pilotariak, eta oso gustura nago horregatik. Binakako finalean ere Peña izan zen, Erik eta ni banakako azken bietan, eta orain Artolarekin. Oso momentu politak dira. Horren atzean lan handia dago eta gure entrenatzaile guztiez gogoratu nahiko nuke, gurekin ordu pila bat sartu dituztelako, eta beraiei ere eskerrak eman nahi dizkiet.

Amezketan eta Alegian bi aste hauetan pilota izango da hizketarako gai nagusia.

Hala izango da, ez dakit. Niri hortik pixka bat apartatzea gustatzen zait, nire gauzekin aritzea. Lagunekin-eta pixka bat egoten naiz, baina nire lagunek eta ingurukoek badakite pertsonak garela eta ez zaigula gustatzen gauza berdinez hitz egiten aritzea. Azkenean, egun hauek ere normaltasunez bizitu nahi izaten ditugu.

Botileroa izateko aukera duzue aurtengo txapelketan. Gorka Altuna lehengusua da zurea. Nolatan aukeratu zenuen?

Bestela ere egunerokotasunean asko egoten gara elkarrekin, pilotaz asko hitz egiten dugu, beste edozer gauzez ere bai, eta konfiantza handia dut berarengan. Bestalde, nortasun handia duela iruditzen zait, eta gustatu egiten zait botilero dagoenak nortasuna izatea. Berak badaki edozein unetan partida geratu behar bada nire aldetik askatasun osoa duela. Oso kontentu nago berarekin.

Publikoaren falta sumatzen ari zarete?

Bai, hilabete asko dira publikorik gabe. Gogorra egiten da frontoira joan eta inor gabe jokatzea. Egoera gogorra izan da eta ea pixkana horri denari buelta ematen zaion. Nik uste dut txarrena pasa dela eta ea hemendik aurrera denak aurrera egiten duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!