ELKARRIZKETA

«Txokoaren eta bertako kideen hartu-emanaren falta sumatzen zuten»

Asier Imaz - Eneritz Maiz 2021ko mai. 27a, 13:54

Jubilatuen Txokoa ireki du Amezketako Udalak, iazko martxotik itxita egon eta gero; Nahikari Goñi da bertako dinamizatzailea, eta soinketa eta oroimen tailerra ematen ditu.

Amezketako Udalak 2020ko martxotik itxita egon ondoren, Jubilatuen Txokoa zabaltzea erabaki du. Astelehenetik dago martxan, eta Nahikari Goñi da bertako dinamizatzailea. Erabiltzaile ez direnek udaletxearekin jarri behar dute harremanetan.

Astelehenetan eta asteazkenetan izango duzu lana Amezketako erretirodunekin.

Hori da. Astelehenetan soinketa egingo dugu, eta asteazkenetan oroimen tailerra eta soinketa biak batera. Amezketan guk arratsaldeetan bakarrik egiten dugu lan, eta ordutegia bera da, 16:00etatik 18:00etara.

Astelehenetan bi orduak soinketa izango dira?

Bai. Orain Koronabirusaren kontuarekin taldeak banatu behar izan ditugu, eta azkenean, lehenengo bi orduak soinketa izango dira, eta asteazkenetan, memoria pixka bat lantzen jarraitzea pentsatu genuen. 16:00etan oroimen tailerra eta 17:00etan soinketarekin jarraituko dugu.

Horrez gain, gainerako egunetan irekita edukiko dute Jubilatuen Txokoa.

Hasiera batean ez zen horrela egitea pentsatzen, baina udalak txoko hori beraientzat eskaintzea erabaki du. Arratsalde guztietan irekita egongo da erretirodunentzat.

Nahiko autonomo ibili daitezke bertan, ezta?

Egia esan beraien profila oso autonomoa da. Beraiek giltza dute, eta beraien kabuz sartzen dira. Bertan material ezberdina daukate erabiltzeko, eta, bai, beraien kabuz ibiltzen dira.

Denbora dezente pasa da txokoak ateak itxi zituenetik.

Asko-asko. Astelehenean hasi ginen berriz, eta oso arraroa egiten zitzaigun, baina beraiek oso pozik zeuden.

Lehen egunean soinketarik egin zenuten, edo kontuak esaten pasa zenuten denbora?

Bada, pixka bat hasieran bai. Kosta zitzaigun martxa hartzea. Bigarren taldea, esaterako, segituan jarri zen martxan, eta oso ondo. Txokoaren falta sumatzen zuten, eta beraien arteko kontaktua eta elkar ikustea ere bai. Gustura egon ziren.

Luze egin zaie beraiei ere?

Bai. Hala ere, bitarte guzti horretan harremana izan dut beraiekin. Deitu egiten nien. Laguntza emozionala eman eta harreman hori ez galtzeko. Beti esaten zidaten tristura moduko bat zutela, elkar ezin ikusi,... Oso luze egin zaiela esaten zidaten askok.

Zein bilakaera nabaritu duzu urte honetan?

Nahiko ondo. Egia esan, orokorrean, ondo daude. Horrek harritu ninduen, hau da, nahiko antzeko mantendu dira, eta positiboa da hori. Eta gogotsu zeuden eta inpresioa oso ona izan zen.

Gutxi gorabehera zenbat erabiltzaile ditu txokoak, edo klaseetara zenbat joaten dira?

Soinketara hamabost inguru, eta oroimen tailerrera pixka bat gutxiago, hamaika bat izaten dira, baina aurten uste dut bederatzi edo hamar animatuko direla.

Zergatik soinketa?

Ariketak nahiko eramangarriak dira eta beraien adinera egokituak. Batez ere fisikoki mantentzeko egiten dugu, eta baita saihesteko ere.

Eta zein helburu du oroimen tailerrak?

Antzekoa. Azkenean, adin horietan helburua gaixotasunak saihestea da, edo abiadurarik ez hartzea edo ez aurreratzea. Mota guztietako ariketak egiten ditugu. Hasieran taldean egiten ditugu, eta memoria lantzeko ahoz gora aritzen gara gauza batzuk egiten. Gero fitxa batzuk egiten dituzte, beraiei egokituak. Atentzioa lantzen dugu, kalkulua, memoria... denetik saiatzen gara.

Zuk ere ikasiko duzu?

Beraiek ere irakasten didate bai. Pentsatzen dute ezetz, baina egia da beraiek ere erakutsi izan didatela. Behin, esaterako, herriko umeekin talde lan bat egin genuen. Umeekin elkartu ginen eta helduek erakusten zieten lehengo bizitza nolakoa zen; telefonorik ez zegoela eta umeak ere kontziente izateko beraien aitona-amonen bizitza nolakoa zen. Hor, beraiek gauza asko erakutsi zizkiguten.

Oraindik parte hartzen ez dutenek ere aukera dute, ezta?

Noski. Koronabirus gaixotasun honekin gainera nik uste dut garrantzitsua dela pixka bat elkartzea eta sozializatzea. Udaletxera joan besterik ez dute egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!