Gaurtik ateak zabalduko ditu Jubilatuen Txokoak

Ataria 2021eko maiatzaren 24a

Amezketako Udalak Jubilatuen Txokoa zabaltzea erabaki du 2020ko martxotik itxita egon eta gero. Ohiko erabiltzaileek gaurtik erabiltzeko aukera izango dute, eta erabiltzaile berriek udaletxera jo dezakete informazioa eskuratzeko.

Urte eta erdiz itxita egon ostean, Amezketako Udalak Jubilatuen Txokoa zabaltzea erabaki du. Gaur, maiatzak 24, ateak zabalik izango ditu erabili nahi duten erretirodun guztientzat.

Hasteko, astelehenetan eta asteazkenetan erretirodunentzako gimnasia eta memoria tailerra berrabiaraziko dituzte, eta bestetik, erretirodunek txokoa nahi eran erabiltzeko aukera martxan jarriko dute. Azken hiru urteetan egin moduan, herriko erretirodunen "aisialdiaren mesedetan" adierazi dute udaletik. 

Gimnasia eta memoria tailerreko dinamizatzaileak onartuta duela Covid-19ak eragindako egoeran neurriak eta kontingentziak izeneko protokoloa esan dute udaletik, eta ekimen presentzialak "berme sanitario guztiekin" egingo direla aurreratu dute. Erabiltzaile guztiak txertatuta daudela kontuan izan behar dela esan du udalak. Gainera, "egoki" ikusten du eta "poz handiarekin" zabaltzen du urte eta erdiz itxita egon den Jubilatuen Txokoa.

Aipatu diren ekimenetan lehendik parte hartzen zuten erabiltzaileekin dagoeneko koordinatu duela udalak funtzionamendua argitu du, baina orain arte parte hartzen ez zuten herritarrei ere zuzendu zaie udala. Horiek parte hartzeko aukera guztiz irekia dute udalaren aldetik, eta udaletxeko 943 65 31 89 telefono zenbakira deituta lortu dezakete informazio guztia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!