Goikoetxearen bisitarekin, 'Herriak ez du barkatuko'

Ataria 2021eko maiatzaren 20a

Amezketako Irakurle Taldeko kideak herenegun elkartu ziren, eta Irati Goikoetxea beasaindarraren bisita jaso zuten, Herriak ez du barkatuko liburuarekin.

Amezketako Irakurle Taldea asteartean izan zuen hilabeteko liburuaz hitz egiteko eguna. Bertako kideek Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko liburua irakurri behar zuten, eta Goikoetxearen beraren bisita jaso zuten. Liburu honekin bisitatzen duen lehen irakurle taldea izan zen Amezketakoa, beasaindarrarentzat.
 
Idazlearekin solasaldi "interesgarria" izan zutela aipatu dute irakurle taldeko kideek. Gainera, ohiko elkarrizketaz gain, "bestelako elkarrizketa-gaiak" ere izan zituztela aipatu dute: "Liburuak gai berezi bat tratatzen du eta ezohiko solasaldia izan zen. Minaz aritu ginen, eta Iratiren goxotasunak asko lagundu zuen horretan; oraindik delikatua da gaia, baina gustura aritu ginen hitz eta pitz".
 
Ikasturtea amaierara iristen ari da, eta hurrengo liburua aitzakia hartuta ekainaren 22an elkartuko da irakurle taldea. Ikasturte honetako azkena Amaia Telleriaren Haize-lekuak liburua izango da. Amezketar guztiak gonbidatu dituzte liburua irakurtzera, eta baita tertulian parte hartzera ere. Eta bukatzeko, amezketarra ez den norbaitek parte hartu nahiko balu ere, ateak zabalik dituztela adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!