Enpatia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2021ko mai. 17a, 07:58

Euskal banku batek iragarki batean dio: "Enpatia zure beharrei irtenbideak ematen jakitea da".

Enpatia kontzeptua hitzetik hortzera erabiltze dute hainbat kolektibok, baita politikariek eta enpresek ere. Guztiok dugu gure burua enpatikotzat, guztiok eskatzen diegu enpatia ingurukoei. Euskaltzaleok ere badakigu zerbait enpatiaz: izan eskatzeko, administrazioarekin ditugun harremanetan gaztelerara jo behar dugunean hor eskubideekin txirikordatzen da-; izan eskaintzeko, gaztelerara joz norbaitek euskara ulertzen ez duenean, eskolako eta ezkaratzeko bileretan esaterako. Bereziki enpatikoak izan ohi gara Euskal Herrira etorri berriekin eta adinekoekin. Eta beharko!

Haurrek ere enpatia garatu dezaten ahalegintzen gara. Hezkuntzan ados-txokoa ez da atzo goizeko kontua. Aspalditik dabiltza irakasleak gatazka dagoen aldiro haurrak ados-txokora eramanaz haien artean adostasunera hel daitezen, pakeak egin ditzaten, eta elkar uler dezaten; eta hori enpatiaren bidez egiten saiatzen dira.

Enpatia, beraz, pertsonen arteko kontua izan da; orain arte behintzat. Makinekin posible al da enpatia? Banku eta enpresa askok diotenez beren nahia da gu ondo egotea; gure ongizatea dute helburu. Ongizatea eta enpatia posible al da pertsonen arteko harremanak murriztuz? Arreta telematikora mugatuz?

Enpatia da komisioak kobratzea dirua konturen batean izateagatik; enpatia da komisio gehigarriak kobratzea hilean 600 euro baino gutxiagoko mugimendua izateagatik...

Enpatia da, nonbait, ordenagailua pizten ere ez dakiena informatika ikastaroak hartzera behartzea online banka kudea dezan; proposatzea gure adinekoei teknologia berriak erabil ditzaten, bankuak kezkatuta baitaude adinekoak ez daitezen atzean geratu XXI. mende telematizatu honetan. Ahaleginak eta bi egiten ari dira gure adinekoak, ze erremedio! Enpatia da komisioak kobratzea dirua konturen batean izateagatik; enpatia da komisio gehigarriak kobratzea hilean 600 euro baino gutxiagoko mugimendua izateagatik; enpatia da 70 urtetik beherakoei kobratzea kartilla izateagatik; enpatia da adinekoak behartzea ordenagailutik eta mugikorretik eginaraztera orain arte leihatilan egin dituzten eragiketak. Hori da haien modua, besteen modua; beste modu hori.

Hori guztia da enpatia; inposizioa, berriz, gutxieneko euskara-ezagutza eskatzea adinekoen zaintzaile bati, kargu publiko bati, lehendakari-gai bati. Beste modu hori, antza denez, diruak sortzen du!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!