Amezketan udaleku irekiak antolatzeko begiraleak behar dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 12a, 16:56

Amezketako Udalak udaleku irekiak antolatuko ditu, eta horretarako lan eskaintza zabaldu du begiraleak kontratatu ahal izateko. Maiatzaren 25a da Curriculumak bidaltzeko azken eguna. Udaleku irekiak ekainaren 28tik uztailaren 23a bitarte egingo dira.

Udaleku irekiak antolatuko ditu Amezketako Udalak ekainaren 28tik uztailaren 23a bitartean. Udaleku irekiak aurrera eramateko begiraleak behar ditu, eta interesatuek Curriculum vitaea bidali beharko dute hilaren 25a baino lehen. Begiraleen eta koordinatzailearen aldi baterako kontratuak izango dira.

Kontratuaren iraupena gutxi gorabehera hilabetekoa izango da, eta lanaldia astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era. Aukeratuko den begirale kopurua, berriz, izena ematen duten haur kopuruaren araberakoa izango dela aurreratu dute.

Begirale eta koordinatzailearen hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da 18 urteak beteak izatea izena emateko epea bukatzen den egunerako. Udalekuen prestaketan eta udalekuek irauten duten egun guztietan parte hartzea eta prestutasuna izatea. Horrez gain, DBHko ikasketak eginak izatea eta aisialdirako begirale edo zuzendari titulua izatea. Euskaraz ongi ulertu eta hitz egiteko gaitasuna izan beharko du izena ematen duenak, eta aldi berean, bete beharreko funtzioak betetzea eragozten dion gaixotasun nahiz muga fisikorik ez du izan beharko.

Curriculumak Amezketako udaletxean aurkeztu daitezke, posta elektroniko bidez gazteria@amezketa.eus helbidera bidalita edota posta bulego bidez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!