Udalak amezketarren irakurketa zaletasuna balorean jarri du

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 22a, 18:00

Bihar da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta Amezketako Udalak udal liburutegiari garrantzia eman nahi izan dio, eta era berean, amezketarren irakurketa zaletasuna balorean jarri du.

Bihar, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, aukera polita ikusi du Amezketako Udalak amezketarren irakurketa zaletasuna balorean jarri eta zabaltzeko. Era berean, liburutegiaren gaineko hainbat datu eman nahi izan ditu, eta herritarrek udal liburutegiko zerbitzua erabiltzen jarrai dezaten informazioa osatu du.

Amezketan 1998. urtean zabaldu zuten udal liburutegia. Astelehenetik ostiralera bi orduz zabalduta egoten da 17:30etik 19:30era, eta udalaren ustez, herritar askok erabilpen ona ematen dio liburutegiari. Udal liburutegian guztira 251 bazkide daude izen emanda, eta horietatik, mailegu-hartzaile aktiboak 119 izan ziren azken urtean. 2020. urtean, esaterako, hiru bazkide berri egin ziren.

Liburutegiko liburu kopurua 5.250 alekoa da, eta 2020an 86 liburu berri eskuratu ziren, erosita, herritarrengandik dohaintzan jasota edo erakunde desberdinetatik iritsita. Eskuratutako liburu hauetatik, haur eta gazteentzat 31 ale dira, eta helduentzat, 55. Era berean, esan beharra dago liburu berri horietatik 54 direla euskaraz idatziak, eta 32 gaztelaniaz.

2019. urtean maileguan utzitako liburuak 785 izan zirela azaldu dute, eta iaz, berriz, COVID-19ak eragindako urte berezi horretan, 636 liburu utzi ziren maileguan. "Datu benetan ona kontuan hartuta liburutegia itxita egon zela zenbait hilabeteetan, eta haurren liburutegia, erabat itxita", nabarmendu dute udaletik. 636 mailegu horietatik 503 haur eta gazteenak izan ziren eta 133 helduenak: "Horrek argi adierazten du eskolarako erabiltzen diren liburuek indar handia dutela, gazteentzako eta haurrentzako liburuak direlako gehien erabiltzen direnak".

2013ko irailean liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratu zuten, eta geroztik liburutegien arteko mailegu zerbitzua eskaintzen da. 2020an zerbitzu horren bidez, Euskadiko beste liburutegietatik 141 liburu jaso ziren, eta Amezketako liburutegitik beste herrietako liburutegietako erabiltzaileei 45 liburu bidali zitzaizkien maileguan.

Hiru webgune herritarren eskura

Amezketako Udalak herritarrei gogorarazi nahi izan die "hiru web orrialde interesgarri" daudela herritarren eskura: www.euskadi.eus/katalogobateratua, www.eliburutegia.euskadi.eus eta www.liburubila.euskadi.eus.

www.euskadi.eus/katalogobateratua webgunean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan dauden liburuen erreferentzia ikus daiteke, nahi izanez gero, maileguan eskatzeko. Aldiz,  www.eliburutegia.euskadi.eus ere "aukera bikaina" izan daitekeela azaldu du eliburuak eta filmak online eskuratzeko. Horrek, 2020an, bultzada handia izan zuen konfinamenduari aurre egiteko. Azkenik, www.liburubila.euskadi.eus web orrian Sareko liburutegiek eskuratutako liburu berriak ikusteko aurkera dago Amezketakoak barne.

Honekin guztiarekin, "argi eta garbi esan daiteke Amezketan irakurtzeko zaletasun handia dagoela, zenbakiek hala adierazten dute", esan du udalak, eta gaineratu, "hilabetero 15 bat lagun irakurketa taldean elkartzea ere oso adierazgarria da".

Irakurketa, bizi ohitura bihurtzea

Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, udalak haurren eta gazteen artean liburuekiko eta irakurketarekiko interesa eta maitasuna piztu nahiko luke, hau da, bizi ohitura bihurtzea: "Historian zehar, asko izan dira mundu osoan haurren irudimenari eragin dioten liburuak, eta haietatik onena atera dutenak, beren ametsak imajinatzeari, sortzeari eta egiteari utzi ez dioten heldu bihurtuz". Istorio erakargarriak irakurtzez gain, liburuak maisu handi bihur daitezkeela dio, eta "horietan gizakiak trebatzeko balio duten balioak aurkitzen ditugu, gizakiak gizon eta emakume on bihurtzeko balio dutenak".

Helduentzat, berriz, irakurketa oso konpainia "probetxugarria eta adikzioa sortzen duena" dela esan du, eta "irudimena sustatzen laguntzen du". Aldi berean, oroimena indartzen eta hobetzen duela aitortu du. "Literatura sendabide bat da bakardadearentzat. Liburua interesgarria denean, gure arreta guztia erakartzen du, eta bakardadea desagertu egiten da, liburua konpainia atsegin bihurtzen delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!