Hasiera gazia

Ataria 2021ko api. 17a, 19:32

Argazkia: EITB

Binakako Pilota Txapelketaren finalerdietako ligaxkaren lehen partidan jipoia jaso dute Altunak eta Mariezkurrenak, 22-7 galduz Elezkano eta Zabaletaren aurka.

Zabaleta ohi bezain ahaltsu egon da, Mariezkurrenak pilota asko galdu ditu eta Altunak ez du ohi bezala asmatu jokoan sartzen. Horiek izan dira partidaren gakoak. Altunak ETBn azaldu duenez, "beraiek bikote handia egin dute, gu ez gara kantxan sartu ere egin, eta partida batzuetan markagailuak ez du esaten gertatu dena, baina gaur bai. Zazpi tantorekin bukatu dugu eta eskerrik asko esan dezakegu".

Zabaletak bigarren partean "sekulako pilotakadak" jo dituela esan du Altunak, "baina lehenengo zatian tanto oso motzak izan dira, eta ez dute asko egin behar izan. Gu pixka bat gerturatu garenean beraien opariengatik izan da. Erraztasun handiak eman dizkiegu, eta bigarren partean, soltatu direnean, Zabaletak sekulako pilotakadak jo ditu eta hor ez zegoen ezer egiterik". Amezketarrak garbi du bikote horri eta beste edozeini aurre egiteko, ezin dutela gaurkoan bezala partidara sartu: "Txapelketan normalean ondo sartu gara partidetara, baina gaur desastre joan da. Orain honi buelta eman behar diogu, eta ahaztu ahal den azkarren". Mariezkurrenarentzat lehen finalerdiak dira, eta gogo biziz zegoela jokatzeko azaldu du Altunak: "Batzuetan gogo handi horrek kontrako efektua egiten du, eta hasieran azkarregi botatzen zion kolpea, eta gero ni laguntzen hasi naizenean ez nuen asmatzen pilota kentzen. Guk gurea egin behar genuen ondo; ez dugu egin, eta horregatik eman digute egurra".

Finalerdietan bigarren partida izaten dela garrantzitsuena esan du Altunak, eta hurrengo asteburua beraientzako hil ala bizikoa izango da. "Aurreko astean ere horrela izan zen. Horregatik ez dugu urduri jarri behar. Egunean eguneko lanak ondo egin, dena ematen saiatu, eta ea azkeneko jardunaldira bizirik iristen garen", zehaztu du Amezketako aurrelariak.

Bihar Peña II.ak eta Albisuk Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka jokatuko dute lehen jardunaldiko bigarren partida. Hurrengo jardunaldian irabazleek euren aurka jokatuko dute, eta galtzaileek hil ala biziko partida izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!