Bihar bukatzen da Aste Santuko ekimenetarako izen ematea

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 22a, 15:00

Amezketako Udalak herriko haurrei begirako egitaraua antolatu du Aste Santuko egunetarako, eta taldeen kopurua mugatua izango da segurtasun neurriak bete ahal izateko. 

Amezketako Udalak haurrei begira Aste Santurako egitaraua antolatzea erabaki du. Segurtasun neurriak direla eta, Amezketako Gaztelekuak beste urteekin alderatuta eskaintza berezia egin behar izan du. 

Irailetik martxora bitarteko ekitaldietan egin duten moduan, Aste Santura begirakoetan ere, izen emate kopuru bat jarri dute bete beharko diren gutxieneko segurtasun neurriak bermatu ahal izateko.

Martxoaren 29an, astelehenean, eskulanak izango dituzte.  Gaztelekuan egingo dituzte, nahiz eta, Fernando Amezketarra plazan elkartuko diren. 10:00etatik 11:30era HH4tik LH3rako haurrentzat izango da, eta aldiz, 11:45etik 13:15era, LH4tik LH6rako haurren txanda izango da. Talde bakoitzean gehienez ere 12 haur egongo dira.

Martxoaren 30ean, asteartean, Jolas erraldoia egingo dute, Fernando Amezketarra plazan elkartuta. Gehienez ere, 30 haur onartuko dituzte, eta 16:00etatik 19:00etara izango da.

Apirilaren 7an, asteazkenean,  kirolak hartuko du protagonismoa. Goizez, HH4tik LH3rako haurrekin, 11:00etatik 13:00etara, herri kirolak egingo dituzte 15 haurreko taldetan banatuta. Fernando Amezketarra plazan elkartuko dira. Arratsaldean, 16:30etik 18:30era, frontenisean ibiliko dira LH4tik LH6 bitarteko haurrekin. Fernando Amezketarra plazan elkartuko dira, eta bakoitzak bere erraketa eraman beharko du. Kasu honetan, gehienez ere, 15 haurreko taldeak osatuko dituzte.

Izena emateko epea, bihar, hilak 23, amaitzen da. Epez kanpo izena ematen duenik ez dela onartuko azpimarratu dute, eta Amezketako Gazteriako 688 71 16 75 telefono zenbakira deitu beharko da. Gurasoei sor dakiekeen edozein zalantza argitzeko ere telefono zenbaki horretara deitu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!