Errotak turismoari begira irekiko ditu ateak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 10a, 19:59

Amezketako Udalak udarako lan guztiak amaitzea espero du, eta turismoari begirako proiektua martxan jarriko du Ierabizkar errotan.

Turismoari begirako obrak egiten ari da Amezketako Udala Ierabizkar errotan. Izan ere, erortzean zegoen errota: «Ia teilatua erortzear zegoen, eta zerbait egitekotan orain egin beharra zegoen», argitu du Mikel Arteaga zinegotziak. Iazko urte amaieran hasi ziren 190.000 euroko aurrekontua duten lanekin, eta maiatza alderako bukatuta egotea espero dute.

«Beti esan izan dugu Amezketak baduela turismoari begirako potentziala, baina orain artean ia landu gabe zegoen gai hori», esan du zinegotziak. Honela, Ierabizkar errota turismoari begirako gune bilakatuko dute.

Errota bera lehen fase batean konpondu zuten, eta, orain, etxebizitza zena osagarri bilakatuko dute. Etxebizitza egiteko neurri oso txikiak dituela argitu du Arteagak: «Planteatu genuen etxebizitza mantentzearena, baina neurriek ez dute ematen gaur egungo etxebizitza bat egiteko. Altuera gehiago ematea ere aztertu zen, baina ondare aldetik ez zuten utzi».

Errota izanik alboan erreka pasatzen zaio eta presa txiki bat ere badu. Iaz, txukunketa lanak egin, eta zelaia txukundu zuten mahai eta aulkiak jarrita, atsedengune batean bilakatuz. «Leku polita da, baina utzita zegoen eta berreskuratu egin dugu», gaineratu du.

Sotoan komun publikoak jarriko dituzte. Lehen pisua, berriz, erabilera anitzeko gela batean bilakatuko dute, errotarekin lotuta: «Talo tailerrak-eta bertan egiteko aukera ikusten dugu. Orain artean martxan ikus zitekeen errota, eta hor bukatzen zen. Orain sukalde txiki bat jarriko dugu mahai eta aulkiekin». Eskoletatik joandako haurrekin, herriko jendearekin edota turistekin egiteko baliatuko dute. Artoa bertan ehotu, eta taloak egin eta janez bukatuko lukete bisita.

IAZKOARI JARRAIPENA

Iaz hasitako bideari eutsiko diote aurtengo udan, eta Agurtzane Garmendia herritarrak egingo ditu gidari lanak. Iazko udan eskaini zituzten bisita gidatuak, eta «arrakasta» izan zutela nabarmendu du Arteagak. Elizako bisitak izan ziren, baina gero bukaera on bat emateko tokirik ez zutela nabarmendu du zinegotziak, eta «aire libean izan zen guztia». Gela horrekin, ordea, bideo batzuk erakusteko aukera ere izango dute, proiektore bat ere jarriko dutelako.

Elizako bisitez gain, talo tailerrak eskainiko dituzte Amezketan, eta eskaintza horri beste bat gehituko diote: «Azken urteetan Arritzagan indusketak egin dituzte, eta duela 3.000 urteko ontziak eta erremintak aurkitu dira. Pieza horiek gordeta daude, eta horiek ikusgai jarri nahi ditugu bigarren pisuan». Museo txiki bat osatuko dute Arritzagan aurkitutako materialekin.

Iaz eskuorriak atera zituzten Arritzagari garrantzia emanez, eta bertako historia eta ibilbideen mapa osatuz. Guzti honekin, turismoari begira hiru gune izango lituzketela laburbildu du Arteagak: Eliza, errota eta Arritzaga.

Goizez Garmendia bertan egongo litzatekeela aurreratu du, eta arratsaldez bisita gidatuak egiteko aukera izango dela. Momentuz lan horiekin bukatutzat emango lukete, baina aurreratu du ideia berriak badituztela gehitzen joateko.

HERRIKO PRODUKTUAK

Lehen sektoreari garrantzia eman eta herriko ekoizleei aukera berri bat eman nahi diete udaletik, Garmendia goizez bertan egongo dela aprobetxatuz. Herrian lehen ere beraien produktuak saltzen badituzte ere, gune bat jarri nahi diete errotan bertan, bai saltzaileei eta baita erosleei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!