Mendiarekiko sentsibilitatea eta prestakuntza landuko dituzte haurrekin

Ataria 2021eko martxoaren 2a

Amezketako Gaztelekuak udalarekin batera 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekimen berria jarriko du martxan, larunbatean. Mendiak eta herriak elkartearekin harremanetan jarri eta bertako gidarien laguntzarekin gauzatuko dituzte irteerak. 

Urte berriarekin batera Amezketako Gaztelekuak eta Amezketako Udalak haurrei begirako ekimen bat jarri dute martxan. Mendiak eta herriak elkartearekin harremanetan jarri, eta hilean behineko irteerak antolatu dituzte. Ekimen honekin bat egin du baita, Altzoko herriak.

6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako proiektua da. Proiektuaren ardatz nagusien artean dituzte haurren mendiarekiko sentsibilitatea eta prestakuntza bultzatzea. Horretarako, lau irteera prestatu dituzte. Hilean behin izango dira, eta gune ezberdinetan mendi jarduerak egingo dituzte haurrek.

Lehena larunbat honetan bertan izango da, eta eskalada probatzeko aukera izango dute rokodromoan. Bigarren irteera, apirilaren 10ean egingo dute eta orientazioa landuko dute. Maiatzaren 8ko irteeran, aldiz, mendi irteera egingo dute. Eta bukatzeko, ekainaren 5ean, eskalada harkaitzetan egiteko aukera izango dute.

Larunbat honetan, 10:00etatik 14:00etara egingo dute irteera, baina oraindik lekua zehaztu gabe dute. Altzon, Asteasun edo Amezketako Zazpi iturrin izan daiteke. Guztia, LABIk adierazitako neurri berrien arabera eta eguraldiaren arabera erabakiko dute. 

Hori bai, izena emateko azken eguna biharkoa da, eta 688 71 16 75 telefono zenbakira deituta egin beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!