ELKARRIZKETA

«Beste mundu batean sartzea da, eta oso ongi pasatzen dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 4a, 19:59

Amezketan bizi den Jaione Mariezkurrena leitzarra da denboraldi berriko ETB1eko Txoriene saioko aurpegi berria; hilabete batzuk daramatza dagoeneko kameren aurrean eta «pozik» ari da sukaldean sartuta.

Eguerdiro sartzen da telebista bidez Amezketan bizi den Jaione Mariezkurrena (Leitza, 1981) euskal etxeetan. Zigor Iturrietarekin batera ETB1eko Txoriene Jaionerekin eta Zigorrekin saioko aurkezlea eta sukaldaria da.

Telebistan ezagutu zaitugu Zigor Iturrietarekin batera sukaldean. Nolatan?

Ideia bat planteatu zidaten, eskaini eta bat-batean etortzen diren aukera horietakoa izan zen. Airean dauden aukerak hartzea izaten den bezala hartu egin nuen, eta horri ekin. Esan behar dut Zigorrekin jada dozena bat urte badirela lanean bide bat egina nuela.

Programa barrutik aldez aurretik ezagutzen zenuen.

Bai. Hiru-lau urte baneramatzan gidoiak idazten eta atzeko lanean. Hasteko jende ezagun eta ospetsuarekin lehenengo hartu eman hori egitea edo beraiekin hitz egitea zen. Agenda ere nik eramaten nuen, eta elikadura arloan dabiltzan adituekin hartu-emana izatea, eta baita ekintzaileekin ere. Batik bat, esan genezake Euskal Herri guztiari zerbait erakusteko zuten horiekin lehen kontaktuan jartzea.

Orain kameraren aurrean jarri zara. Zer nolako esperientzia izaten ari da?

Pixkanakakoa da. Ikasten ari naiz, eta hor Zigor eredu handi bat da. Egiten ari naiz. Baztan aldean esaten den moduan laketzen.

Hilabete batzuk pasa dira. Erosoago sentitzen zara?

Bai. Uste dut baietz. Eta nire irudipena da jada ez dudala batzuetan filtrorik. Bat-batean pentsamendu edo esaldi bat bota, eta gero pentsatzea horrek ez zuela joan behar. Lehen tentu handiagoz aritzen nintzen, beraz, urduritasun hori pixka bat desagertzen doalako izango da.

Zigorrekin harreman on hori izateak asko laguntzen du?

Izugarri. Egia esan bai, eta pertsonaia askorekin alderatu gaituzte: Zipi eta Zape, Pinpinelakoak,... Ezagutzen gaituztenek edo hor lanean daudenek horrela hartzen gaituzte, eta bai, harreman ona dugu.

Sukaldean ondo moldatzen zarela erakutsi duzu.

Bai. Uste dut baietz. Ez da goi mailako sukaldaritza, ez da abangoardista. Eta ez da Zigorrek duen ezagutza izatea, baina ematen den hori hartu, ikasi eta hortik jasotakoa da.

Kameren aurreko lanaz aparte atzean ere baduzu egiteko lanik?

Bai. Edukiak biltzea. Errezeta batekin hizpide izango den gaia lotzea , hezurdurak egitea eta lan handia izaten da egia esan. Hor oso-oso laguntzaile ona daukagu Mirari Martiarena. Umoregilea da, bertsolari izana, eta egia esan hari esker ere asko aurreratzen da lana.

Errezetak pentsatzeak lana emango du, ezta?

Bai. Izaten da bai. Sasoiko produktuak lotzen ditugu, grabazio batzuk aldez aurretik grabatuak izaten dira, eta horrekin jokatzen ere jakin behar da. Bakoitzaren unea noiz izango den zehaztea bada lana.

Zuzenean errezetak bukatuta ikusten ditugu, baina aldez aurretik egin behar izaten dituzue?

Badira errezeta batzuk bi edo hiru ordu behar dituztenak. Kasu horretan, lan hori pixka bat aurrez prestatzen dugu eta etxean eginda eramaten ditugu. Eta momentukoak direnak momentuan bertan egiten ditugu ikusten den moduan. Hor ez dago tranparik!

Zer esan dizute ingurukoek, edota ezezagunik gerturatu al zaizu?

Ezezagunetan deigarria egin zaidana da, agian, hemendik urrutirago ezagutu izana. Nire begiak ezagutu izana. Hemen, gertuago, normalago edo hartzen dut, eta orokorrean aurrez aurrekoan ondo hitz egin didate. Eta programara ere idazten dute, eta ona da jasotzen duguna.

Ikasketez sukaldaria al zara?

Ez. Baina, hamabi urtez ostalaritzan lan egindakoa naiz. Eta nire lana sukaldean laguntzaile lana egitea izan da. Eredu handiak izan ditut: betiko emakume sukaldariak. Eta hemen bertan, esaterako, Larraizko Xeberi eredu handitzat dut, nahiz eta berarekin ez nintzen laguntzaile moduan aritu. Emakumezko gehiago daude, eta gizonezkoak ere bai, eredu izan ditut eta horietan hartu dut oinarria.

Gozogintza ala bestelako platerak nahiago?

Gozogintza beti esaten dut oso prezisoa dela, eta aukeran nahiago dut gozogintza dastatu. Besteek egin eta nik dastatu.

Zer da zuretzat sukaldea?

Mundu bat da. Hainbat eta hainbat zapore uztartzeak joko bat egiteko bidea ematen dit. Nik gozatzeko eta nire ingurukoei gozarazteko.

Eta zer ematen dizu saioak?

Askatasuna ematen dit. Beste mundu batean sartzea da niretzat, eta oso-oso ongi pasatzen dut.

Gustura zaude?

Bai. Oso pozik, eta eskerrak eman nahiko nizkieke aukera egin zutenei. Nigan apustu egin zutenei eta nigan sinetsi zutenei. Lan talde benetan zoragarria da, eta batez ere, Mirari, Alex eta zuzendariari.

Zein da astero hutsik egiten ez duen zure etxeko platera?

Gaur-gaurkoz eta etxeko txikienak eskatzen diguna kuskus entsalada da. Mugitu ezin den bat da.

Baduzu gonbidatuak dituzunerako edo okasio berezietarako prestatzen duzun errezeta kuttunen bat?

Horrela esateko ez, baina, egia da urte askotan funtzionatu izan didana Elizondoko Oñaska jatetxeko plater bat izan dela. Zainzuriak ziazerba bexamelarekin beteta. Hori izan da jendearekin ongi geratzeko erabili izan dudana.

Eta jaki bat aukeratu beharko bazenu?

Jaki bat baino oinarria esango nuke: entsalada. Entsalada batean edozein gauzarekin jokatu dezakezu. Hainbat eta hainbat testurako entsalada prestatu dezakezu, eta dagoenarekin egin dezakezu.

Leitzar bat Amezketan. Zer moduz bizitzen da?

Ongi. Beti iruditu izan zait, eta orain gero eta gehiago, Leitzak eta Amezketak badutela antza. Nire familiarentzat gipuzkoartuta nago, baina nik bihotza Nafarra dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!