Taldeak osatutako ikastaroak martxan jarri dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 3a, 11:57

Amezketako Udalak herritarrekin batera osatu ditu ikastaroak, eta yoga eta josteko tailerra dira orain hasi direnak.

Amezketako Udalak urtea hastearekin batera ikastaroen aukera zabaldu zuen, eta talde batzuk osatu dira. Gaur bertan hasiko da yogako taldea. Klaseak asteazkenetan 18:30etik 20:00etara izango dira udaletxeko ganbaran. Informazio gehiago edo izena eman nahi duenak 626 141 228 telefono zenbakira deitu dezake.

Josten ikasteko ikastaroak arrakasta izan du, eta bi talde osatu dira. Atzo hasi ziren klaseekin eta lehen taldea 15:00etatik 17:00etara ariko da eta bigarrena 17:00etatik 19:00etara kultur etxeko balio anitzeko gelan. Izena eman nahi duenak 676 259 540 telefono zenbakira deitu beharko du.

Informatika ikastaroa martxoko lehenengo hamabostaldian egingo dute. Interneten nabigatzeko oinarrizko ezagutzak landuko dira eta bi astez, egunero bi orduko saioak egingo dira.

Horiez gain, argazkigintza ikastaroa egingo dute. Taldea osatu da, baina ikastaro hau egiteko garai egokiagoa ikusi dute udaberritik aurrera. Apuntatu nahi dutenentzat deialdia aurrerago egingo du udalak izena eman ahal izateko. Eta azkenik, lehen sorospenen ikastaroa egingo dute ekainean. Kasu honetan ere, honen deialdia aurrerago aterako du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!