ELKARRIZKETA

«Askotan pentsatuz baino gehiago eginez etortzen zaizkit gauzak»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urt. 17a, 07:58

Azaroan jarri zuen 'Platina' erakusketa Donostiako San Telmo museoan Nagore Amenabarro amezketarrak, eta otsailaren 7a bitartean bisitatzeko aukera izango da; bitxigintza eta eskultura lotu ditu, eta tamaina ezberdineko lanez gain, margotutako irudiek osatzen dute erakusketa.

Gaztea da Nagore Amenabarro (Amezketa, 1986), baina artearen munduan bere tokia egiten ari da, poliki-poliki. Diskrezio handiz darama bere ibilbidea. Donostiako San Telmo museoko Laborategia aretoan jarria du azaroaz geroztik Platina erakusketa, eta otsailaren 7a bitarte izango da. Artistak San Telmo museoko erakusketa gelan erantzun ditu TOLOSALDEKO ATARIA-ren galderak.

Noiztik edo nondik datorkizu artearekiko grina?

Nik gogoan dudala nahikoa txikitatik esango nuke. Betidanik gustatu izan zait eskuekin gauzak egitea. Eskulanak, marraztea... baina ez da izan txikitatik dudan obsesio bat ere. Gustukoa izan dut, baina modu naturalean.

Etxean izan zenuen bultzadaren bat edo zure kabuz hasi zinen?

Etxean asko landu ditugu eskulanak edota errezetak egitea, josteko gauzak... eskulanekin harremana duten jolas asko proposatzen zizkigun amak, eta nik uste, horrek eragina izan duela.

«Aspektu askotan pribilegiatu bat sentitzen naiz, edo behintzat esker oneko bizitzen ari naizenarengatik»


Arte Ederrak ikastea erabaki zenuen. Garbi izan zenuen ikasketak aukeratzerako orduan?

Egia esan bai. Nahiko garbi, baina ez zen izan hainbeste hori nahi nuelako edo horren bila nenbilelako, baizik eta ia-ia esaten den moduan deskarte bidez aukeratu nuen. Zer ikasiko nuen pentsatzen jarri nintzenean, ez zitzaidan beste aukerarik bururatzen, edo oso gutxi. Orduan honekin aurrera egitea izan zen aukera.


Nagore Amenabarro "oso pozik" dago bizitzen ari den momentuarekin. E.M.

Gustura egin zenituen ikasketak?

Karrera ikasi nueneko oroitzapenak oso onak dira. Noski, gorabeherak beti daude, eta eremu askotan bezala, azkenean norberari hausnartu arazten dizkioten gauzak gertatzen dira bizitzan. Orain atzera begiratu eta dudan oroitzapena oso positiboa da. Bai ezagutu nituen irakasleengatik eta baita niretzat izan zen esperientziarengatik ere. Asko eman dit.

Ikasketa horiekin Parisera ikastera joateko aukera ere izan zenuen?

Bai. Erasmus beka batekin joan nintzen karrerako azken urte erdian edo. Eta aurretik esan moduan esperientzia oso positiboa izan zen; oso aberasgarria. Paris bezalako hiri handi batean egotea, beste hizkuntza batean moldatzea,... Kuriositatea pizten dizuten estimulu asko daude. Atzerrira joatean nik behintzat horrela jasotzen edo antzematen ditut, eta alde horretatik ere oso positiboa izan zen.

Artearen barruan aukera zabala dago. Zein da erosoen sentitzen zaren esparrua edo zein bide hartu duzu?


Esango nuke, orain artean, batez ere, pinturaren alorrean aritu naizela lanean, baina erakusketa honetan, esaterako, eskultura edo objektu dezente daude ikusgai. Horren harira esango nuke bilatzen ari naizela, eta ez dakit posizionatzen, edo hobeto esanda, ez dut posizionatu nahi. Bideak esango dit pixkanaka zein aldetara noan, baina, egia da, orain artean, pinturaren alorrean aritu naizela gehiago.

«Oso garbi daukat hau hasiera besterik ez dela. Nahiz eta erakusketa batzuk egin ditudan bidearen oso hasieran ikusten naiz»


Hori da gehienbat landu duzuna, pintura?

Bai, esango nuke baietz. Orain artean behintzat bai.

Azaroan jarri zenuen Donostiako San Telmo museoan 'Platina' lana biltzen duen erakusketa. Zer da 'Platina'?

Objektuak eta eskulturak biltzen dituen erakusketa bat da. Irudi margotu batzuk ere badaude, eta nolabait, kasu honetan, eskultura eta bitxigintzaren arteko jolas bat planteatu dut, eta izenburuak horri erantzuten dio. Nolabait gustatzen zitzaidan materialaz hitz egiten duelako. Plata, hau da, zilarra ekartzen duelako gogora. Platinoa baita ere. Baina pletina bat ekarri dezake edo patina bat... prozesua eta materiala bezalako aspektuak lotzen edo biltzen ditu, eta aurkitzen diren pieza ezberdinak nolabait biltzen dituen izenburu bat iruditzen zait.

Zer da erakusketan ikus daitekeena?

Batez ere eskulturak, objektuak eta margotutako irudi batzuk. Eremu horietan mugitzen da erakusketa.

Zein material erabiltzen dituzu lan horiek egiteko?

Egia esan, dezente. Irudi margotuak paperaren gainean margotuta daude, eta aldizkarietako irudietako batzuen gainean esprai pinturarekin eginak dira. Eta bestetik altzairu herdoilgaitza, eskaiola, metal dezente, poliesterrezko erretxina, alanbrea,... Egia esan nahiko askotarikoa da alde horretatik.


Eskala izan da interesatzen zaion esparruetako bat, eta dimentsio eta forma askotako lanak daude. E.M.

Material aldetik, beraz, irekita zaude.

Bai, ahal dudan guztian behintzat bai. Ez dut obsesio edo finkatze berezirik oraindik, eta oraindik ez dut itxi nahi, zeren material bakoitzak bere aukerak ditu eta iradokitzeko potentzia du. Batzuetan, materialak bakarrik eramaten zaitu leku batera. Eta kontrakoa, esperimentazioaren partea da, eta ez bakarrik materialak ematen didana; ez da hain-hain garrantzitsua lana egiteko momentuan. Batzuetan aurkitzen ditudan gauzak dira, eta noski material bat dute, forma bat dute, eta izaera bat dute dagoeneko aldez aurretik, baina horrekin zer egin dezakedan, nola berrinterpretatu... Batzuetan ariketak horretan datza.

Era berean, tamaina oso ezberdineko lanak dira.


Bitxigintza eta eskultura uztartu ditu 'Platina' erakusketan. E.M.

Hain justu, eskala izan da interesatzen zitzaidan ezaugarrietako bat. Horren bila joan naiz. Txikitik handira, barrutik kanpora, era horretako harreman dualak proposatuz. Funtzioari nolabait galdera batzuk planteatu dizkiot.

Zertan oinarritzen zara edo zerk inspiratzen zaitu lan bat egiterako orduan?

Ez da batere galdera erraza. Nire kasuan ez dago gauza bat seinalatzeko modurik. Gehienetan kontrakoa izaten da. Prozesutik etortzen da. Noski egongo direla iturriak inspiratzen nautenak, edo lanean jartzeko grina hori sortzen didatenak, baina askotan pentsatuz baino gehiago eginez etortzen zaizkit gauzak. Bitxigintza eta eskulturaren arteko harremanaren premisa hori neronek jarri nuen edo hobeto esanda aprobetxatu egin nuen erabiltzeko. Baina sortu egin zen. Hasieran nituen belarritako itxurako batzuk, eta moldaketa edo forma aldaketa bat egin nien eta horrekin jolasean nenbilela zerbait egon zitekeela ikusi nuen. Hori aprobetxatu nuen, eta horrek irekitzen dizkidan bideak eskalaren kontua jorratzeko aukera eman zidan, edo funtzioaren inguruan galderak egitekoa.

«Irakasle postu batean egoteak behartu nau nire lanaren inguruan hausnarketa pertsonal bat egitera»


Zerbait mugatzen du: Hau da, eskala txikiko objektuak, eta zer egin dezaket hemen? Oso irekia da, eta pentsa zenbat material dauden, eta zenbat posibilitate. Pittin bat mugatzen du, eta horrek ematen dit aukera martxan jartzeko, eta ez hainbeste pentsatzeko zer egingo dut edo zer interesatzen zait edo zer nahi dut, baizik eta mugatze horren barruan ea zer gertatzen den.

'Platina'-ren barruan pieza oso ezberdinak daude. Nola gauzatzen dituzu, hau da, bata bestearen atzetik datoz, denbora tarteak daude...

Erakusketa honetan dauden lanak gutxi gorabehera esan dezakegu, lanik zaharrenak urte eta erdi, asko jota bi urte dituela. Beste guztiak azken hilabeteetan landu ditut. Denbora tarte horretan ibili naiz lanean, eta nire lan prozesuan iruditzen zait, momentuz, aberasgarria dela jauziak egitea. Gauza baten sakoneran lantzen egon beharrean, batetik bestera pasatzen naiz, itxuraz. Azken batean guztiek dute harreman bat. Lanak egin ostean ageriago geratzen dira ez direla beraien artean hain ezberdinak. Forma aldetik bai, eta hasiera bateko begiradan hori ikus dezakegu, baina prozesu aldetik edo lantzeko modu aldetik nik behintzat lotura dezente ikusten diet. Nahiz eta itxuraz oso desberdinak izan.

Ia bi urteko lana da ikusgai jarri duzuna. Nola antolatzen zara lan hauek egiteko?


Nagore Amenabarro artista amezketarra San Telmo museoaren atarian. E.M.

Antolatze hori pixka bat hobetu beharra daukat, ez delako oso erregularra, baina, agian, horrela izan behar du [Barreak]. Askotan gauzak kokatzen saiatzen gara, eta ez dauka horrela izan beharrik. Egia da proiektu bat esku artean dudanean edo mota honetako erakusketa baten proposamena edo motibazioa dudanean, hor bai lortzen dudala errazago indarrak kontzentratzea. Bestela ziklikoagoa da, ez naiz oso erregularra, hau da, ez dut ordutegi bat betetzen, askoz ere organikoagoa da mugimendua. Produzitzen ez dudan momentuak badaude, baina makinaria ez da gelditzen. Platina sortzeko, esaterako, gauza asko destilatu moduan egiten dituzu; norberaren pentsamenduak, sentimenduak,... Nire kasuan proiektu zehatzago bat dagoenean kontzentratzen dira. Hor presioa sartzen da, eta lan egin behar duzu. Bestela bere martxan jarraitzen dute eta pixkanaka joaten dira osatzen.

Zer da lanik gehiena eman dizuna, edo zenbat denbora pasa dezakezu pieza batekin?

Oso zaila da kontabilizatzea. Pieza batzuk forma hartzeko fisikoki ez dute hainbeste denbora behar, baina zer hartuko dugu egiteko momentua bakarrik? Edo esan dudan moduan aurretikako prozesu guzti hori ere hartuko dugu? Pixka bat zaila da. Gure inkontzientea ere lanean ari da bere kabuz, eta hori ez dugu kontatzen noski, ez garelako konturatzen. Esaterako, ordea, esprai pintura erabilitako irudi margotuak azkarrak dira. Ariketa nahiko azkarra da, eta hain justu horregatik gustatzen edo interesatzen zaizkit momentu honetan.

«Nire lan prozesuan iruditzen zait, momentuz, aberasgarria dela jauziak egitea»


Berrinprimatze prozesu baten modukoa da. Aldizkari edo katalogo bateko irudi bat hartu, eta irudi horri zein erantzun ematen diodan pentsatzea da ia-ia. Edo zer proposatzen dudan nik irudi horrekin egitea. Prozedura ezberdinak daude espraiarekin lantzeko, baina maskaratu, espraikada bat bota, eta listo. Eta gero pasea ematen zaio edo ez, baina hor dago. Eta beste batzuk berriz elaborazio geldoagoa dute. Eskaiolazko zilindroek, adibidez, eskaiolaren geruzak eta geruzak dituzte, eta geruza eta geruza artean lehortu egin behar du eskaiolak, bestela ez du heltzen. Horrek denbora dezentez gehiago eskatzen du.

Mundu zaila dela esan daiteke artistarena?

Ez dakit erantzuten. Beste munduak ez dakit zenbaterainoko zailak diren. Beste alor askotara pasa daitekeen galdera dela pentsatzen dut. Bakoitzaren barruan zailtasun ezberdinak daudela iruditzen zait, eta egia da, gizarte honetan interes gehiago dagoela zenbait alorretan beste batzuetan baino. Hori alde edo kontra eduki dezakegu. Nire esperientziatik ez dut gehiegi pentsatzen horretan, eta gauzak egiten saiatzen naiz. Momentuz gustura nago.

Bidea marrazten ari zara.


Pribilegio bat da alde horretatik aukera edukitzea, eta erakusteko aukera izatea. Horrek ez du ezer bermatzen, eta norberaren prozesua norberarena da, baina beti laguntzen du oreka edukitzen. Gauzak egiteko grina baduzu, eta egiteko aukera baduzu, nolabaiteko feedback-a sortzen du.

Beteko du San Telmo museoan zure lana erakusketa moduan jartzeak.

Bai, bai, noski. Oso pozik nago. Kontrakorik ez dut esango, eta aspektu askotan pribilegiatu bat sentitzen naiz, edo behintzat esker oneko bizitzen ari naizenarengatik.

Ez da jartzen duzun lehen erakusketa.

Hori da. Parte hartu izan dut erakusketa kolektiboetan, eta bakarkako beste batzuk ere egiteko aukera izan dut. Ondo. Esperientziak dira eta denetatik ikasten da.

«Oraindik ez dut itxi nahi, zeren material bakoitzak bere aukerak ditu eta iradokitzeko potentzia du»


Eta nolako esperientzia da artisten artean txoko bat egiten aritzearena.

Ez dut gehiegi pentsatzen termino horietan. Gertatzen ari da. Ez da pentsatua eta pozik nago. Momentu honetan gustura ari naiz bizitzen.

Baina eguneroko ogia ez dizu momentuz ematen.

Neurri batean hori izango litzateke helburua. Kasu honetan badaude zirkuitu batzuk merkatuari lotuago daudenak, eta hor bai ikusten dut desberdintasun bat norberaren lana garatzearen edo merkatuan sartzearen artean. Horretan ari naiz, ateak jotzen, eta bitartean beste lan batzuk egiten ditut.

Irakasle?

Baionako Arte Eskolan marrazketa eta pinturako klaseak ematen ditut. Gustuko lana dut, eta eremu berdinean mugitzen naiz. Gutxi gorabehera hau ?erakusketa? marrazketa eta pintura da, eta horrek nire lan pertsonalean eragina du, eta kontrakoa. Nire lan pertsonalak eragina du klaseak ematerakoan, eta nahiko osagarri ikusten ditut zenbaitetan.

Aurrera begira, zer nahiko zenuke?


Ez dakit. Oraintxe bertan oreka polit batean nagoela sentitzen dut. Noski, nire lan pertsonala garatzea litzateke helburu nagusia edo, baina esan dudan moduan, askotan, irakasle postu batean egoteak behartu nau baita ere, nire lanaren inguruan hausnarketa pertsonal bat egitera. Postu horretan egoteak zenbaitetan lagundu egin dit.

Gaztea zara, eta bizitza oso bat duzu aurretik...

Bai, bai. Eta hasieran aipatu dugu batik bat pintura egin dudala, baina bueno, hasi egin naiz gauzak egiten. Oso garbi daukat hau hasiera besterik ez dela. Nahiz eta erakusketa batzuk egin ditudan bidearen oso hasieran ikusten naiz.

'Platina' bukatuta. Orain esku artean baduzu beste lanik?


Zehazki ez. Egia da Platina erakusketa prestatzen ari nintzenean, prozesuaren ondorioz edo lantzen ari nintzen momentu horietan piztu zitzaizkidan lantzeko gogoa dudan ideia batzuk, baina ez daukate proiektu formarik. Landu ditudan zenbait gauzekin jarraitzea gustatuko litzaidake, jarraipena ematea litzateke proiektu berri bat hastea baino.

Baionan lan, Hendaian bizi, baina amezketarra zara. Mantentzen duzu loturarik zure herriarekin?

Bai, tarteka joaten naiz. Ahizpa bertan bizi da eta askotan egiten ditut bisitak.

Gustatuko litzaizuke zure herrian zure lana erakustea?

Bai eta ez. Ez dakit zer esan. Ez litzaidake inportako, baina ez daukat ezta horrelako interes berezi bat, baina gustatuko litzaidake.

Eta ingurukoek zer esan dizute zure lanaren inguruan?

Ingurukoak dira eta maite zaituzte, eta normala denez gauza positiboak esaten dizkizute. Orokorrean, iritzi oso positiboak jaso ditut, eta gustura nago. Benetakoak izan direla uste dut, eta ez zutela bestelako kutsurik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!