1.353.514 euroko aurrekontua onartu du Amezketako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urt. 13a, 19:59

Iazkoarekin alderatuta 34.654 euro gutxiago izango dituzte 2021 urtean; hala ere, ahalegina egingo du Amezketako Udalak mahai gainean dituzten egitasmoak aurrera eramateko.

Amezketako Udalak abenduaren 30ean eginiko ohiko osoko bilkuran onartu zuen aurtengo aurrekontua. Zehazki, 1.353.514 euroko aurrekontua izango du 2021ean, eta iazkoa baino 34.654 euro gutxiago izango dituzte, hau da, %2,5 txikiagoa da. Esan behar da, 350.000 euro, guztiaren ia %26a, azpiegitura berriak sortzeko edota daudenak hobetzeko bideratu duela udalak.

2020. urtean COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoak ondorioak izan ditu finantza publikoetan ere, eta honenbestez, 2021. urtean eragina izango du. Diru sarreren jaitsiera izan da, eta ondorioz baita aurrekontuaren jaitsiera ere. Baina, hala ere, Amezketako Udalak ahalegina egingo duela adierazi du mahai gainean dituzten egitasmoak aurrera eramateko, eta gastu maila nola edo hala mantentzeko.

Aurrekontuaren sarrerei dagokionean, diru sarreren %47 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Funtsetik jasoko du; ia %29 udal zerga eta tasetatik eta %13 inguru, diru laguntzetatik eta ondare aprobetxamenduetatik. Ehunekoak, orokorrean, «2020koak baino baxuagoak» direla adierazi dute. Esaterako, «aldundiko funtsa 65.000 eurotan jaitsi da, eta diru laguntzak ere 35.000 eurotan jaitsi dira». Hori dela eta, gastuei aurre egiteko, «lehen aldiz azken 10 urteetan, eta Gipuzkoako udal askok egingo duten bezala, 130 mila euroko mailegu operazio bat aurreikusi da aurrekontuan, inbertsio desberdinei aurre egiteko. Urtean zehar aurrekontuaren garapen eta exekuzio maila nola doanaren arabera eskatuko da, osorik edo partzialki», argitu du Amezketako Udalak.

Aurrekontuaren gastuei begiratuz gero, berriz, %32 pertsonalari dagokion atala da, %31 ondasun eta zerbitzuen atala, %8 diru transferentzien atala litzateke, eta horien artean, Amezketako hainbat elkarte edo Tolosaldea Garatzen, Tolosaldea Mankomunitatea edo Tolomendi daude. Azkenik, %1,9 maileguen amortizazio eta interesen atala dago: «Azken kopuru hau ordainduta, Amezketako Udalak ez luke zorrik izango, baina aurretik esan bezala, ikusi beharko da 2021eko aurrekontuaren bilakaera eta mailegu bat hartzeko beharra», azpimarratu dute udaletik.

Inbertsiotara bideratu dutena gehitzea faltako litzateke, hau da, %26. Kasu honetan ere, 2020an baino pixka bat baxuagoa da, «nagusiki diru sarreren jaitsieragatik».

GAKO NAGUSIEZ APARTE

Azpiegiturak, landa eremua, zerbitzu publikoak, eta saneamendua eta bidegorria ditu udalak ildo nagusitzat, baina bestelako gaiak ere nabarmendu nahi izan ditu.

Hirugarren adinekoen zerbitzua, Gaztelekua, udako ludotekaren zerbitzua, herritarren partaidetza, antolatzen diren festa eta kultur ekitaldiak edo euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko programak dira, besteak beste. Guzti horiek gauzatu ahal izateko dirua bideratu dute, eta baita herriko elkarte eta kirolarien diru laguntzetarako ere. Oro har, 2020ko kopuruak mantendu dituzte.

PANDEMIA GOGOAN

Irizpide nagusi bat izan du Amezketako Udalak aurrekontua egiterako garaian: «Lehen seihilekoan pandemiaren ondorioak eta arauetako mugakizunak kontuan hartzen dira, eta urte arrunt batean antolatzen diren zenbait ekintza ez dira antolatuko». Aldiz, urteko bigarren seihilekoan, «egoera hobetuko eta normalizatuko den itxaropena dago, eta beharbada udaleko ekitaldien agenda ere bere horretara bueltatuko da».

Udaletik amezketar guztiei adierazi diete espedientea jendaurrean dagoela 15 lan egunetan, edozeinek udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakiteko, edo iradokizun eta erreklamazioak jarri ahal izateko. Era berean, Amezketako Udaleko arduradunek garbi dute herritarren diruaren kudeaketa «gardena» egin behar dela, eta horregatik edonori diru publikoa zertan erabiltzen den azaltzeko prest agertu dira.

GAKOAK

Azpiegiturak.

2020 urte bukaeran Urzabal auzoan dagoen Ierabizkar errota birgaitzeari ekin zioten, eta 2021eko lehen hiruhilekoan lan hauekin amaitzea aurreikusten du udalak, 190.000 euro inguru inbertituz. Ierabizkar errota birgaitua Amezketako ondare eta turismorako gune berria izan dadila nahi du udalak. Bestetik, herriko kaleetako argiteriari bultzada emanez zenbait puntu berritzen jarraituko du, 25.000 euro bideratuz. Ugarte auzoan iaz egin moduan, herriko zenbait kaletako barandak berritzeko 25.000 euro aurreikusi ditu. Larrunarri pilotalekuko teilatuan eguzki plakak jartzeko asmoa du 20.000 eurorekin, eta azkenik, Beltzaren plazako eremua aisialdirako eta kirolerako azpiegiturekin egokitu nahi du, 40.000 eurorekin.

Landa eremua.

Urtero bezala, landa eremuko baserri bideak eta Larrondoko mendi publikoko azpiegiturak hobetzen jarraituko du udalak, eta horretarako 80.000 euro inbertituko ditu.

Zerbitzu publikoak.

Udalak dituen zerbitzu publiko ezberdinen mantenu eta hobekuntzarekin jarraitzea du helburu, eta kopuruak aurrekoak baino txikiagoak izanda ere, guztien baturak kopuru garrantzitsua egiten du.

Saneamendua eta bidegorria.

Urrats berriak ematea du helburu udalak. Azken hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako departamendua azpiegitura honen exekuzio proiektua idazten egon dela adierazi dute, eta aste gutxitan formalki onartuko dela. Esan behar da Amezketako Udalari tokatzen zaiola proiektuaren zenbait atal landu eta koordinatzea, 2022ko erdi aldera obrak hasi ahal izateko. Udalak argi utzi nahi izan du: «Edonork pentsa lezake epeak luzeegi jotzen dutela, baina horrelako azpiegiturek administrazio desberdinetako baimen asko behar dituzte, eta hori bideratzen hilabeteak pasa ohi dira».


ZENBAKITAN

Sarrerak

Zuzeneko zergak: 201.750 euro

Zeharkako zergak: 55.000 euro

Tasa eta bestelako zergak: 145.600 euro

Transferentzia arruntak: 701.861 euro

Ondare sarrerak: 47.000 euro

Kapital transferentziak: 70.500 euro

Finantza pasiboak: 131.803 euro

Sarreren zenbatekoa: 1.353.514 euro

Gastuak

Pertsonal gastuak: 439.294 euro

Ondasun arrunta eta zerbitzuak: 425.955 euro

Finantza gastuak: 3.000 euro

Transferentzia arruntak: 109.405 euro

Inbertsio errealak: 350.000 euro

Pasibo finantzieroak: 25.860 euro

Gastuen zenbatekoa: 1.353.514 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!