Gizonezko bat erreskatatu dute Aralarko meatzeetatik

Ataria 2021eko urtarrilaren 11

Hanka batean min hartu duen gizonezkoa Buruntzunzin bordatik erreskatatu dute. Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak izan dira Amezketako mendi eremuan.

Istripua izan duen gizonaren familiartekoek emandako informazioaren arabera, eta Ertzaintzak jakitera eman duenez, Aralarko meatzeetan, Amezketan, bidetik hurbil dagoen Buruntzunzin borda barruan zegoen gizonezkoa. Antza, gizonak ezbeharren bat izan du eta orkatila bihurritu du, eta ezin zuen bere kabuz jaitsi.

Informazio horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek, adierazitako lekura metatuta dagoen elurragatik, ibilgailu bidez ezin zirela iritsi ikusita, Ertzaintzaren helikoptero bat eta Mendiko Ataleko agenteak eta suhiltzaileak mobilizatu ditu. Helikopteroak zauritua hartu du aterpetik, eta Tolosako Usabal futbol zelairaino eraman du. Ondoren, anbulantzia batek eraman du Asunción Klinikara.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!