Urte berrirako ikastaro sorta aukeran

Ataria 2020ko abenduaren 29a

Amezketako Udalak 2021 urtea gogotsu hasteko ikastaro zerrenda prestatu du. Ikastaroetan apuntatzeko epea bihar amaituko da, eta taldeak aurrera ateratzeko gutxienez bost pertsonek eman beharko dute izena.

Amezketako Udaleko Kultura batzordeak ikastaroak direla eta, herritarrekin lanketa egin du. Zein ikastaro egin edo emango lituzketen galdetu zieten herritarrei, eta hortik tiraka urte berrirako ikastaro zerrenda prestatu du. 

Honako ikastaro hauetan dago izena emateko aukera: yoga, berdintasun tailerra, helduentzako bertsolaritza tailerra, egurra tailatzen ikasteko tailerra, gantxilloa egiten ikasteko tailerra, gorputz entrenamendu orokorra, nutrizio tailerra, argazkigintza, informatika tailerra, josteko tailerra (makinaz), autodefentsa tailerra, lehen sorospenak eta hitano-hika tailerra.

Izena emateko epea, bihar, hilak 30, bukatuko da. Interesa duten herritarrek udaletxeko 943 65 31 89 telefono zenbakira deituta apuntatu beharko dute. Izena emateko momentuan, alde batetik zein ikastaro edo ikastarotan izena eman nahi den adierazi beharko da, eta bestetik, kontakturako telefono bat eskatuko zaie herritarrei. 

Udaletik aurreratu dutenez, ikastaroa egin ahal izateko gutxienez bost pertsonako taldeak osatu beharko dira. Behin taldeak osatuta, telefonoz deituta harremanetan jarriko lirateke guztia lotu eta hasiera datak zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!