Euria ari zuen atzo arratsaldean Amezketan, baina horrek ez zion axola Jokin Altunari (Amezketa, 1996). Lau eta erdiko txapeldun berriak txapela zuen buruan, eta horrek ederki babesten zion. Bere bigarren txapela du kaiolakoan.
Ia 24 ordu pasa ondoren, zer gogoeta egiten duzu finalaz?
Egun oso polita izan zela, ez finaleko unea bakarrik. Oso ondo sentitu nintzen goizetik, eta ilusio handia nuen final hori jokatzeko. Berotzen hasi nintzenean sentsazio oso onak nituen eta asko gozatu nuen partidua jokatuz. Zaila izaten da finaletan disfrutatzea, beti ez da lortzen eta atzo [igandean] lortu nuen eta oso gustura horregatik. Bueltakoan jendeak ongietorri politak egin zizkidan, suziriak-eta bota zituzten, eta egun oso polita izan zen.
Aurreko bi txapelak baino kontzienteagoa zara hirugarren honekin zenbat kostatzen den txapel bat buru gainean jartzea?
Bai. Txapeldungaia zarenean eta txapela lortzen duzunean, ez da errazagoa lortzea, baino gutxiago espero duzu. Behin irabaztera iristen zarenean, bigarrena ere segidan irabazten duzu kasik konturatu gabe; hor goian jartzen zara, zure buruari gehiago eskatzen diozu eta zuk ere irabazi nahi izaten duzu. Lan oso ona egiteaz aparte irabazi nahi izaten duzu. Uste dut bi urte oso onak egin ditudala, baina gero finalera iristerakoan ez zait egokitu irabaztea. Atzokoa [igandekoa] latza izan zen, baina ez diot inola ere balorea kendu nahi aurretik egin ditudan txapelketei. Oraindik eta gehiago baloratzen ditut txapela hau irabazi ondoren. Oso zaila da gora iristea, pilotari ikaragarriak daude, lehiakortasun handia dago, eta horregatik oso harro nago.
Urte berezia izan da zentzu askotan, eta pilotan ere bai. Esango zenuke txapela lortzeaz aparte, urte honek bereziki heldutasunean pauso bat suposatu duela zuretzat?
Hainbat faktorerengatik gauza asko bizitzea tokatu zaigu aurten eta niri ere bai. Etxean egon ginenean ez genekien ondo noiz hasiko ginen, gero greba etorri zen eta momentu zailak izan ziren, batez ere greba egiten egon ziren pilotarientzat. Nik uste dut denoi asko eragin zigula egoerak. Zortez, amaitu zen hori eta garrantzitsua izan zen berriro ere txapelketetan zentratzeko. Gero bagenekien bi txapelketa jokatuko genituela urtea bukatzerako. Bi hilabete hauek bizitzea oso exijentea izan da. Astero txapelketa, errekuperatzeko denbora gutxi, birusa harrapatzeko beldurra, eta harrapatuz gero txapelketatik kanpo... Animo aldetik ere ez da batere erraza izan hori guztia jasatea. Horregatik oso urte garrantzitsua eta ona izan dela niretzat esango nuke.
Ez zen erraza izango berriro final bat jokatzea Jakaren aurka, aurrekoa hilabete lehenago galdu ondoren.
Niretzako pertsonalki erronka handia izan da, hobetzeko ditudan aukerak ikusteko. Eriken aurka berriro finala jokatzea tokatu zitzaidanean, pentsatu nuen erronka polita zela. Orain hilabete galdu egin nuen eta burura gauzak etortzen zaizkizu. Momentu horiek bizitu egin behar dituzu berriro, eta indartsu egon behar duzu, bestela ezinezkoa da. Berari ere atzo [igandea] esan nion ez zaidala gustatu bere kontra finala jokatzea. Bera hor egoteagatik ikaragarri pozten naiz, baina astean zehar batera entrenatzen izaten gara, normalean berak niri aholkuak ematen dizkit eta nik berari. Horregatik, oso aste deserosoak izan dira. Imajinatzen nuen bera txapeldun suertatzen zenean ni ospakizun horietan egongo nintzela, aurreko finalean bizitu genuena oso arraroa izan zen eta atzo [igandean] ere berdin. Nik irabazi dudanean bera beti nirekin egon da eta atzo [igandea] bakoitza bere familiarekin egon ginen. Oso deserosoa izan da eta horrek partida jokatzerako garaian eragin handia du eta gure adinean oraindik eta gehiago. Hilabete gogorrak izan dira, batez ere bururako; emozio handia, eta hori kontrolatzea zaila da.
Gaur [atzo] berarekin hitz egiteko aukera izan dut, eta aurreko finalean ere hitz egin genuen. Zer moduz zegoen jakin nahi nuen. Oso harreman ona daukagu. Bera osorik ikusi dut, penarekin, baina berak ere esan didana da ez direla aste errazak izan. Aste hau biok nahiko lasai hartuko dugu, pare bat egun deskonektatzeko hartu eta ea hemendik aurrera orain bezain ondo joaten zaigun.
24 urterekin dagoeneko zenbaki garrantzitsuak dituzu. Zertan uste duzu hobetu dezakezula?
Zenbakiei begiratuz gero, horiekin gustura egoteko moduan nago. Baina, poza ematen didana ez dira zenbaki horiek, poza ematen didana egunerokotasuna da, pilota nola bizi dudan; niretzako sekulakoa da, beti asko gozatzen dut pilotan. Gauza horiez harago, aldagelan eta enpresan dugun giroak ere lagundu egiten du, eta Aspeko pilotariak emaitza oso onak lortzen ari dira, giro oso ona dagoelako. Nik hobekuntza ikusten dut. Oraindik 24 urte ditut, eta beste pilotariak ikusi ditut 28 urte bitarte beti hobetzen joan direla. Ez dago arnasa hartzeko denborarik, ez fisikoki, ezta frontoian ere, gauzak ikasiz joaten baitzara. Eta mentalki ere, ume izatetik gizontzen joaten zarela uste dut, eta pasatzen diren gauza guzti horiek pixkana gainditzen. Alde horretatik uste dut oraindik hobetu dezakedala.
Binakakoa martxan jarriko da berehala. Izan duzu aukerarik txapelketa horretan pentsatzeko?
Gaur [atzo] behintzat ez. Lasai bazkaldu dut familiarekin eta gero prentsarekin egotea tokatzen zait. Bihar [gaur] aurkezpena dugu eta hortik aurrera hasiko naiz pentsatzen horretan. Entrenatzailearekin hitz egin, entrenatu eta ahal den ilusio handienarekin astero ahal den ondoen prestatu eta ahal den maila onena eman.
Gogoa izango duzu, noski, falta zaizun txapel hori janzteko.
Dudarik gabe, helburu hori dut eta horretarako ilusioa ere bai, baina txapelak irabaztea beti da zaila. Ez naiz behin ere finalera iritsi binaka, baina ez nuke esango beste distantzia batean binaka baino hobe moldatzen naizenik. Urte guztian zehar oso eroso eta gustura sentitzen naiz. Gakoak izan diren momentuetan ez zaizkit gauzak ondo atera.