Jaka VS Altuna III _ Lau eta Erdiko Finala 2020

«Galdutako partidei buelta gehiegi emateak ez dit ezertarako balio»

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 23a, 07:58

«Aukera eder bat» duela dio Jokin Altuna amezketarrak igandean txapela berri bat janzteko. Aurrean Jaka izango du, «oso aurkari arriskutsua», buruz buruko finalean bezala. «Final guztiak ezberdinak dira», esan du.

Buruz buruko finalean hartutako kolpea atzean utzita, bere bosgarren finala du Jokin Altunak (Amezketa, 1996) Lau eta Erdiko Txapelketan. Igande honetan bigarren txapela janztea du helburu amezketarrak.

Bosgarren finala duzu segidan kaiolan eta lehenbiziko pilotaria zara hori lortu duena.

Datu polita eta pozgarria da. Banekien bosgarrena nuela jarraian, baina ez nekien aurrenekoa nintzela hori lortzen. Ez diot horri garrantzia handirik ematen: horrelako datu politekin geratzeak ez dit ezertarako balio eta galdutako partiduei buelta gehiegi emateak ere ez. Egindakoa eginda dago, eta hemendik aurrerakoa egiten zentratu behar naiz. Aste honetan aukera eder bat dut txapela janzteko eta horretan saiatuko naiz.

Finala jokatzeko datua baino, nahiago txapelena, noski.

Dudarik ez. Eta nire eskuan dagoena da ahal dudan ondoen prestatzea, gero igandean hara joan eta gauzak ondo egiteko. Gero, behin ere ez dakizu ze emaitza izango den, baina nire egitekoa ondo egiten saiatuko naiz.

Finalerditik ze sentsazio jaso dituzu? Elezkanoren aurkako partidan baino erosoago aritu zinen?

Irabazten hasi nintzen, baina gero berak [Bengoetxea VI.ak] tarte batean asko jokatu zuen. Nik agian ez nuen asmatu errestoan, eta uste dut horretan pixka bat hobetu behar dudala. Azkenean txapelketa asko segidan ari gara jokatzen eta ez da erraza. Jokatzeko moduak aldatu egiten dira eta errestatzeko garaian pixka bat kostatzen ari zait: geldi samar ari naiz errestatzen eta atzetik aurrera gehiago jo beharra dut.

Buruz buruko finalaren ondoren, Lau eta Erdiko Txapelketako bi partidek lagundu dizute jasotako kolpeari buelta ematen?

Hurrengo bi egunetan bueltak eman nizkion, baina orain hori ez da nire burutik pasatzen. Ez naiz orduan gertatutakoaz pentsatzen ari, hurrengo txapelketan guztiz zentratuta nago. Egia da une horretan ukituta geratu nintzela, baina ni ere ikasten ari naiz. Ematen du urte asko daramatzadala, baina 24 urte dauzkat eta nire ustez gauza horietan ere ikasten joan behar dut. Gero ere hartuko ditut kolpeak, eta seinale ona izango da, hor borrokan nabilela esan nahiko baitu. Badakit ere garaipen onak izango ditudala. Nik nire bidea egiten jarraitu nahi dut, hor borrokatzen segi, eta horrela segitzen badut egun txarrak izango ditut baina seguru egun onak ere asko izango direla.

Eta berriro ere Jakaren aurka finalean. Ze suposatzen du horrek?

Oso aurkari arriskutsua da. Txapelketa honetan erakutsi du bere buruz buruko txapela ez zela kasualitatea izan. Asko hobetu duen pilotaria da eta bere momenturik onenean dago. Harrapatzen duen guztia tanto egiten du eta oso agresibo jokatzen du. Merezita du orain artekoa, baina nire aldetik asmatu egin behar dut igandean beraren aurka jokatzen, bestela oso zaila izango dut irabaztea.

Buruz burukoan aurten eman du pauso bat aurrera Jakak, baina lau eta erdian bere abilezia jakina zen aurretik ere.

Dudarik ez dago horretan. Nik uste dut modalitate guztietan ari dela ondo jokatzen. Profesionaletara igo zenetik uneoro hobetzen ari da. Aurreko urtean hasi zen lehen mailako partidak jokatzen, eta uste dut partida horiek jokatuz pilotariak asko ikasten duela. Asko ikasi du, konfiantza hartu du eta oso arriskutsua da orain.

Final honetan zer aldatuko da buruz burukotik?

Ez dakit. Final guztiak izaten dira ezberdinak, eta aurretik jokatutakoek ez dute askotarako balio. Igandean 0-0 hasiko gara. Egun horretan beste aukera eder bat izango dugu, beste final bat, beste momentu oso berezi bat, eta horrela hartzen saiatuko naiz. Ni nire lana ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz, nire aldetik dudan guztia jarriko dut, eta munduan dagoen ilusio guztiarekin joango naiz Bilbora.

Nola ikusi zenuen Jaka Ezkurdiaren aurka?

Oso agresibo. Bere jokatzeko modua du, eta erabat horretan saiatzen da. Joko horrekin iritsi zaizkio bere emaitza onenak, eta horretan konfiantza du. Pilota pixka bat altxatzen badiozu, edozein lekutatik bukatu egiten dizu tantoa. Benetan arriskutsua da.

Entrenamenduak egin dituzu Jakarekin lau eta erdian. Dirudienez, biei balio izan dizue.

Bi entrenamendu egin genituen batera, final-laurdenak eta finalerdia baino lehen. Orain, kasualitatea, finalean elkarren aurka ariko gara. Hemen sekreturik ez dago, denok ezagutzen dugu elkar ondo. Erikekin entrenatzea ona da, berak ere oso indartsu entrenatzen duelako. Eta, egia esan, ondo etorri zait.

Entrenamendu horietan partidak ere jokatu zenituzten? Hala bada, ze emaitza lortu zenituzten?

Era guztietako emaitzak. Partida bat baino gehiago egin genituen, eta batzuetan berak eta besteetan nik irabazi genuen. Baina entrenamenduetan horrek ez du asko balio izaten.

Astea nola pasatuko duzu? Aurten, gainera, Eguberri eguna tartean dagoela.

Azken urteetan abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean askotan jokatzea tokatu zait. Beraz, beste urteetan bezala, txintxo ibiliz, garbi janez eta gehiegikeriarik egin gabe pasako dut aurten ere. Ez da gauza berria, ohituta nago zentzu horretan. Finalean egon nahi nuen, eta hurrengo urterako ere sinatuko nuke Gabonetan final bat izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!