Lau eta Erdiko Txapelketako lehen finalerdia jokatu da gaur, Bilbon, eta Jokin Altunak irabazi du partida finalerako txartela lortuz. Oinatz Bengoetxea 12 tantotan utzi du, eta honenbestez, pilotari amezketarrak beste final bat jokatuko du.
Sakea gorri suertatu da eta Bengoetxea VI.ak eman dio hasiera finalerdiari, baina lehen tantoa urdina izan da eta markagailua Altunak estreinatu du. 0-3 irabazten hasi bada ere, hiruna berdindu dute eta jarraian, zazpi tanto segidan egin dizkio leitzarrak amezketarrari. Partida hasiera parekatua izan da. Hortik aurrera, ordea, Altuna nagusitzen hasi da.
Buruz jokatu du, eta partidan erabat sartuta egonda, eta erabat nagusitu zaio Oinatz Bengoetxeari. Lehen atsedenaldira hiru tantoko aldearekin iritsi da Altuna III.a. 9-10eko markagailutik 9-20raino ihes egin dio pilotari gazteak. Tanto gogorrak ere jokatu dituzte tartean, baina luze jokatuz tantoz tanto 22rako bidea hartu du Jokin Altunak.
Ia tanto guztietan asmatu du zer egin gazteak, eta esaterako, 20. tantoa ikusgarria egin du bosgarren koadrotik zabalera botata. Bengoetxea VI.ak hiru tanto gehiago egitea lortu du 12ra iritsiz, eta Altuna III.ak aldiz 22 tanto lortuz historia egitea lortu du.
Orain artean inork lortu gabea egingo du astebete barru. Bosgarren urtez jarraian Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko du Altuna III.ak. Lau finaletatik txapela bakarra du irabazia, eta bihar jakingo da zein izango duen finalean aurkari. Erik Jaka eta Joseba Ezkurdiaren artean jokatu dute finalerdia, eta buruz buruko final bera izatea gertatu daiteke. Hau da, eskualdeko bi pilotariren arteko finala izatea. Hori jakiteko, ordea, biharko partida jokatzea baino ez da falta.