Altunak buelta eman dio partidari

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 12a, 20:19
Argazkia: EITB

Hasieran 9-1 galtzen joan da amezketarra Elezkano II.aren aurka, baina amorrazioz partidari buelta ematen jakin du eta 14-22 irabazi du Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako norgehiagoka. Berriro ere finalerdietan da Altuna, eta gaurko partidaren ondoren faboritoetako bat izaten jarraituko du txapela janzteko.

Partidaren hasiera ikusi eta gero, ez zen esperokoa azken emaitzan hainbesteko tartea lortzea Altuna III,ak. Hori bai, borrokatzen dakien pilotaria da Altuna, eta garbi dago orain arteko lortutakoa ez dela bakarrik bere trebeziarengatik bakarri izan. Sufritzen ere badaki amezketarrak eta hori ere gaurkoan erakutsi du. ETBri egindako adierazpenetan esan duenez, "ikaragarri pozik nago gaur irabazita, eta oraindik gehiago partida nola joan den ikusita. Agian hasieran hankaz-eta motel ibili naizela, tentsio handia nuela, baina berari ez diot meriturik kendu nahi. Azken partidetan ikusi dut aurkariak nire kontra aurrenekotik arriskatzen ikusten ditudala. Danelek aurreneko pilotakadatik arriskatu egiten zuen, ez zidan jokatzen utzi nahi, ikaragarri alde egin dit, eta partida zaila jarri zait".

Garrasi bat baino gehiago bota ditu gaurkoan Altuna III.ak; hasieran, ez zuelako asmatzen eta bere burua partidan sartzeko eskatuz, eta ondoren, tantoak ondo jokatu eta amaitzerakoan, bere burua animatuz. "Argi nuen dena eman nahi nuela, eta badakigu banakako joko honetan tanto sorta segituan egiten dela, partidak segituan aldatu egiten direla. Berak hasiera ikaragarria eman dio, ni non jarri ez nekiela nengoen, eta gero erabat berotu naizenean altuera gehiago eman diot eta hor egon da gakoa".

Datorren asteburuan, finalerdietan, Bengoetxea VI.a izango du aurkari amezketarrak. Partida hori irabazten badu, bosgarren aldiz jarraian iritsiko da finalera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!