Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

«Ikasteko ere asko dudala ikusi da, beraz, lanean segi behar dut»

Ataria 2020ko aza. 29a, 20:58

Atsekabetuta eta bere buruarekin haserre agertu da amezketarra finala bukatzean; bukaeran gerturatzea lortu duen arren, ez zuela irabaztea merezi aitortu du; lanean jarraituko duela azaldu du.

Partida bukatu berritan, erabat hunkituta eta etsita ageri zen Jokin Altuna. ETBko kameren aurrean eginiko adierazpenetan,  partidaren inguruko lehen gogoeta egitearekin batera, aurrera begira, berriro ere «topera» saiatuko dela azaldu du amezketarrak.

Zer moduz zaude?

Egia esan, une zail xamarra ari naiz bizitzen. Niretzat gogorra izan da finala, baina, egia esan, garbi ikusten da ikasteko ere asko dudala, eta lanean segi beharra dago.

14-17an egin duzun dejada egiteaz zenbat aldiz damutu zara?

14-17an baino lehenago ere egin ditut horrelako batzuk. Oso haserre nago nire buruarekin.  Txapelketa guztian zehar mina egin dut era batera, baina, gaur, ez dakit zergatik baina, ez dut asmatu. Mina egiten hasten nintzenean arerioa ahitzeko helburuz jarraitu ordez, dejada botatzen nion eta gero ni atzeraka jartzen ninduen. Ez dut asmatu. Egia esan, disgustu handiarekin nago.

Darioren aurka estu eta larri ikusi zintugun, 14-15 galtzen eta hortik aurrera zure jokatzeko era zeharo aldatu zenuen, atzera eta atzera jokatzen hasi zinen, eta horrek eman zizun garaipena. Finalean, ordea, horrelakorik ez duzu egin.

Bai, hala esango nuke. Hasi naizen momentuan min egin dudala iruditzen zait, baina gero nire burua saldu dut. Bukaeran gerturatzea lortu dut, baino, ez nuen nik gaur irabaztea merezi, beraz, ez dago besterik. 

Finaletara iristen ohituta zaude, eta asko jokatu dituzu 2016. urtetik, baina, azkenak galtzea egokitu zaizu. Zer gertatzen zaizu finaletan?

Galdera ona, baina, ez dakit. Egia esan, azken hiruetan ez dut irabazi, baina, badakit finalera iristeko bidea zein den, eta topera saiatuko naiz berriro ere.

Erabat jota ikusten zaizu. Lau t’erdiko txapelketa jokatzeko gogorik ez duzula ere entzun dugu. Buelta emango al diozu?

Ez dakit. Une honetan ez dakit zer egingo dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!