Argazki galeria

Alaitz Artola eta Jokin Tolosa amezketarrek kontzertua eskaini dute herriko elizan

Imanol Artola 'Felix' 2020ko aza. 29a, 11:58

Zenbait euskal kanturen bertsioak jo dituzte eta Alaitz Artolak lehen aldiz eskaini du jendaurrean bere abesti propio bat.

100 lagun pasatxo bildu ziren atzo arratsaldean Amezketako San Bartolome elizan. Jende asko eta zirrara nabari zen elizaren kanpoaldean, eta ez zen gutxiagorako izan Alaitz Artolak eta Jokin Tolosak eskaini zuten kontzertua. Hainbat euskal kanten bertsioak jo zituzten: Zetak taldearen Zeinen ederra izango den, Olatz Zugastiren Bizirik gudelako, Betagarriren Euri tanta bakoitzean, Mikel Markez eta Aire Ahizpen Konplize ditut eta eta Izaroren Zingirak, esaterako.

Tolosak, abesteaz gain, kaxa eta panderoa jo zituen; Artolak ere, kantatzeaz aparte, teklatua, kitarra eta panderoa. Oilo ipurdia, sentiberatasuna, goxotasuna eta beste hainbat sentsazio eta bizipen izan zituzten bertaratu zirenek, eta bikoak ez zuen inor epel utzi. Horren adierazgarri izan ziren kontzertu amaieran ikus-entzuleek aulkietatik altxa eta jo zuten txalo-sorta amaigabea, eta kontzertua amaitu ostean Artolak eta Tolosak jaso zituzten zorion eta esker hitz guztiak. Gainera, Artolak, lehen aldiz, bere kantu bat abestu zuen jendaurrean. Kantuaren aurkezpenean urduritasuna ezin zuela ezkutatu adierazi bazuen ere,  Artolaren ahotsean baino gehiago, ikus-entzuleek euren gorputzetan sentitu zuten zirrara, kantuak eragindako emozioen ondorioz.

Beraz, herriko bi artista handien kontzertuarekin eman diote amaiera azaroko egitarau kulturalari Amezketan. Abenduan ekitaldi gehiagoz gozatzeko aukera izango dute euliek eta inguruko herrietakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!