Finalean faborito dela diote, besteak beste, bere seigarren finala delako lehen mailan eta banaka, baina Jokin Altunak (Amezketa, 1996) argi du bere onena atera beharko duela irabazteko.
Dagoeneko ohituta final handi baten aurreko argazki eta elkarrizketa saioetara?
Ohituta ez, egia esan ez zaidalako asko gustatzen. Lau edo bost ordu elkarrizketak eginez luze egiten da, baina ona den zerbaitengatik da, beraz, pozik.
Seigarren finala duzu igandekoa lehen mailan, baina aurkari Jaka, lehenengo aldiz.
Eriken lehenengo finala da eta final batean ez zait tokatu bere kontra jokatzea. Bera oso ondo dago, eta aurkari arriskutsua da.
Orain arteko aurkari bereziena ziurrenik.
Hala da, lagun handia dut, eta oso berezia izango da. Baina nirearekin zentratzearekin nahiko lan daukat, eta beti esaten dudana: aurkariarena utzi eta bakoitzak bere jokoan zentratu beharra du.
Nola zaude zu? Ze sentsazio dituzu finalari begira?
Ondo nago, pixka bat berreskuratzen; aurreko partida gogorra izan zen eta igandea segituan da. Ea ondo iristen naizen.
Finalera iristeko bidean mota guztietako partidak izan dituzu.
Bai, aurreneko partida nahiko azkar joan zen, baina beste bi partidak ikaragarri gogorrak izan dira. Sufritu behar izan dugu, baina merezi izan du.
Hainbeste denbora Jakarekin frontoietan pasa ondoren, ze jokaldi egingo duen aurrez asmatzeko moduan izango zara.
Nik uste dut gaur egun pilotari guztien artean sekretu handirik ez dagoela, denok asko ezagutzen dugu elkar, askotan jokatzen dugulako elkarren aurka. Gakoa frontoian nork agintzen duen izango da. Berak agintzen badu, oso zaila izango dut, tanto asko bukatzen dituelako. Nik iniziatiba izaten saiatu beharko dut, partidan agindu ahal izateko.
Nola jokatzen saiatuko zara igandean?
Beste partidetan bezala, saiatu beharko dut aurrena ondo sakatzen eta gero pilotari abiadura ematen. Ez badiozu abiadura ematen, besteak segituan jartzen zaitu dantzan. Mina egiten saiatu beharko dut, eta tanto asko bukatu beharko ditut. Bera oraintxe momentu oso onean dago, tanto asko bukatzen ditu eta gainera opari gutxi egiten ditu. Kosta egingo dela badakit, baina bukaerara arte borrokatuko dut, saria potoloa da eta.
Finalerdian jokoa aldatzeko gai izan zinen. Partidara egokitzea da gakoetako bat?
Saiatu behintzat bai. Aurrekoan ondo atera zitzaidan, baina batzuetan ez zait ondo ateratzen. Igandean gaitasun guztien beharra izango dut, eta ea asmatzen dudan partidako une ezberdinetan gauzak ondo egiten.
Zure seigarren finala izango da lehen mailan, eta Jakaren lehenengoa. Horrek faboritoago bihurtzen zaitu?
Esaten da faborito ni naizela, baina horrekin ez dira partidak irabazten. Irabazi izan ditut finalak faborito izan gabe, eta galdu ere bai faborito izanda. Uste dut berak aukera handiak dituela irabazteko bere jokoa ateratzen badu, maila oso onean dagoelako. Nik nirean zentratu behar dut eta ahal dudan joko onena atera. Nirea ateratzen badut badakit irabaztetik gertu egongo naizela, baina dena eman beharko dut.
Ez baduzu irabazten, behintzat pixka bat poztuko zara bestearengatik?
Bai, dudarik ez. Azkenean lagun batek irabazten badit, berarengatik poza sentituko dut. Baina nik uste dut finala galtzen duenak une horretan mina izango duela. Hor ez dago misteriorik: bakoitzak asko borrokatzen du urrea irabazteko.
Uste duzu errepikatu daitekeela final hau berriro? Agian Lau eta Erdikoan?
Oso zaila da biak final batera iritsi ahal izatea. Batzuetan aurka tokatzen delako, beste batzuetan bietako batek galdu egiten duelako. Amezketarrek eta lizartzarrek ahal duten heinean gozatu dezatela partida hau, eta gu ere saiatuko gara gozatzen.
Amezketa ohituta dago final baten atarian egotera. Nola ari dira bizitzen herrian finala?
Bai nabaritzen dela aldea final bat lehenengo aldiz edo bigarrengoan jokatu nuenetik oraingora. Baina asko babesten naute herrian, asko laguntzen naute, eta oso gustura nago. Oraingoan galdu edo irabazi ospatzerik ez da izango, baina ea aurrerago aukera dagoen horretarako.
Final bat publikorik gabe ez da berdina izango.
Bai, ezberdina izango da, eta pena ere ematen du. Baina, azkenean, irabazten duenak ez du ezer faltan botako, nahiko ase egongo da irabaztearekin, eta galtzen duenak pena izango du.