Egoera txarrean zegoen hilerria berritu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko azaroaren 17a

Santu Guztien egunean izan ohi dituzte bisita ugari hilerriek. Aurten, Amezketako hilerriak aurpegi berria erakutsi die bertaratuei. Egoera «kaxkarrean» zegoen hilerrian berritze lanak egin ditu Amezketako Udalak.

«Nahiz eta mantentze lanak gauzatzen ziren ingurua txukun egon zedin, urte askotan esku hartze sakonik ez da gauzatu, eta beraz, bai estetikoki eta baita irisgarritasunaren aldetik ere behar batzuk zituen», azaldu du Jon Arsuaga udal arkitektoak.

Gabezia horiei erantzuna emateko egin diren lanak bukatutzat dituzte, eta «garbitasun eta txukunketa sakona» egin dute. Hasteko, hilerriko argiteria guztiz berritu dute, eta LED motako luminaria berriak kokatu dituzte.

Eskailera nagusia guztiz birgaitu behar izan dute. Baldosa zaharrak kendu dituzte, eta hormigoizko zolata berria gauzatu dute, «eskailera maila berriak eraikiz eta harrizko plaken bitartez eskailera mailak amaituz», adierazi dute udaletik. Gainontzeko guneetan, egoera txarrenean zeuden baldosak, berriengatik ordezkatuak izan dira. Argiteria eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, margotze lanak egin dituzte: «Horma-hilobietan, horma perimetralean, hilerri barneko eraikinean eta arotzerietan».

Hilerriaz aparte, hilerrira doan espaloiaren garbiketa sakona egin du udalak. «Honela, erantzun integral bat ematea lortu da, hilerriaren itxura nabarmenki hobetuz», argitu du udal arkitektoak.

Lanen aurrekontua 18.000 eurokoa izan da, eta kasu honetan udalak bere gain hartu ditu gastu guztiak.

HERRIKO GUNE EZBERDINETAN

Hilerrira doan bidea eta espaloiaren zati bat ere birgaitu ditu udalak. Horrez gain, pintaketa lanak ere egin dituzte, baita herriko sarreran ere.

Mota honetako lanak egiteko Amezketako Udalak, urtero, aurrekontuan partida bat gordetzen du. Egoera txarrenean dauden bideak birgaitzeko gordetzen da, bide sare osoaren mantenua gauzatu ahal izateko. Herriko bideen egoera hobetzeko gauzatzen diren lanen artean sartzen dira egindakoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!