1936 eta 1945 artean amezketarrek zer bizitu zuten jasoko du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 20a, 19:59

36ko gerran eta lehen frankismoan Amezketan gertatutakoaren inguruan ikerketa «sakona» egin nahi du udalak, Aranzadiren laguntzaz; testigantzak bildu nahi dituzte. 

Urteak daramatza oroimen historikoa lantzen Amezketako Udalak, eta orain, pauso bat gehiago ematea erabaki dute: 1936 eta 1945 urte bitartean bizi izan zen «garai iluna» aztertu nahi dute. Horretarako, herritarrei dei egin diete, garai horien inguruko testigantzak, argazkiak edota dokumentazioak bildu ahal izateko.  

36ko gerran eta lehen frankismoan, Amezketan gertatutakoaren inguruan, ikerketa «sakona» egiteko asmoa dutela azaldu du Iñaki Arandia zinegotziak, Aranzadi zientzia elkartekoekin elkarlanean. Aurrez Joxe Mari Otermin herritarrak egindako lan «itzela» goraipatu du. 

«Badakigu garai hartan amezketar askok latz sufritu zutela; bizitzako adinik egokienean etxea utzi eta derrigorrez gerrara joan behar izan zuten, batzuk frontean hil ziren, beste asko zauritu egin ziren eta pentsaeraz Frankoren aurkakoak zirenak isunak, espetxeratzeak, desjabetzeak edo epaiketak jasan zituzten», azaldu du Arandiak. Herritarrek zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute, eta hori guztia jasota utzi nahi dute.   

Jasotzeko bide horretan Aranzadi zientzia elkartearen laguntza izango dute. Aranzadik bere lan proposamena aurkeztu zuen udalean, eta udalak lan akordioa adostu eta sinatu egin zuen. Aranzadiren laguntzak lanari «osotasuna eta kalitatezko bermea» emango dizkiola aipatu du Arandiak. 

Lan proposamenaren helburu nagusia liburu bat idaztetik harago doala gaineratu du udalak. «Herrian sortu den mugimenduak, aurrera eraman behar diren ekintzek edota herritarren testigantzek eta esku hartzeek dute lehentasuna», esan dute. Izan ere, kontakizuna osatzeko, garai hartako protagonista zuzenen faltan, protagonista horien senide eta ingurukoen beharra izango dutela azpimarratu dute.   Horrela, «inongo arrazoirik gabe sufritu zutenekiko egia, justizia eta erreparazioa» azaleratu nahi dute. 

Aranzadiko kideen laguntza izango dute horretarako. Javi Buces ikerlariak nabarmendu du Aranzadiren egitekoa egia ikertzea izango dela, ondoren, erreparazioa eta justizia egin daitezen. Izan ere, Bucesek esan duenez, «egia jakin gabe, ezin dugu erreparazioa eta justizia eskatu».   

Herritarrei deia

Aranzadi zientzia elkarteak ikerketa lana burutzeko hainbat artxibo kontsultatuko ditu: tokikoak, Euskal Herri mailakoak eta baita estatukoak ere. «Gerraren nondik norakoak dagoeneko ezagutzen ditugu, akademikoek izugarrizko lana egina dute. Orain jakin nahi duguna da errepresioa nortzuk sufritu zuten, izen abizenekin», esan du Bucesek.

Guztia ez dago artxiboetan jasota, ordea. Artxiboetatik jasotakoarekin lan historikoa egitea da asmoa, eta paraleloki testigantzak jasoko dituzte. «Erbestera nork joan behar izan zuen edota nor fusilatu zuten jakin nahi dugu, edota esaterako, emakumeen aurkako errepresioa ez dago dokumentuetan jasota. Kontakizun horiek nahi ditugu», argitu du Bucesek.

«Gerrara nola joan ziren, non hil zituzten, gorpua ekarri eta hiletarik egin zitzaien, zein izan ziren zaurituak, zauriengatik laguntza ekonomikorik jaso ote zuten edo nazionalista izateagatik jasotako ondorio kaltegarriak zeintzuk ziren» argitu nahi dutela gaineratu du Arandiak. 

Laster Oroimen bulegoa zabalduko du udalak, herritarrek bulego horretan dakiten informazioa eman edota jaso dezaten. Bitartean kontakturako bi aukera proposatu ditu Bucesek interesa duten herritarrek erabil ditzaten: memoria@aranzadi.eus helbidea eta 943 466 142 telefonoa. 

Herritarrei, beraz, deia luzatu diete, etxera iristen zaizkien informazio orriak tentuz irakurri eta garai hartako argazki, dokumentu eta pasadizoen gogoeta egiteko. Oroimen bulegoa irekitzen dutenean, horien berri emateko aukera izango dute, zuzen-zuzenean, udalean. Horretarako egun eta ordu batzuk zehaztuko dituzte; aurrerago jakinaraziko du udalak noiz zabalduko duten bulego hori. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!