Alokairua sustatzeko kanpaina martxan jarri dute Amezketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 7a, 10:44

Amezketako Udalak etxebizitzaren gaia landu du, eta 126 etxe huts zenbatu ostean, alokairuan jarri du arreta. Hasteko, etxebizitza bat alokatu nahiko luketen gazteei eta etxe huts bat dutenei zuzendu zaie, udaletxean izena eman dezaten eskatuz.

Azken hilabeteetan Amezketako Udala etxebizitzaren gaia lantzen aritu da herriko gazteekin. Lanketa horretan gazteen nahiak entzun dituzte, eta era berean herrian zein aukera dauden aztertu dute. Lanketa horri esker, etxebizitza berriak egiteko proiektu batzuk martxan jarri ditu udalak, eta "orain proiektu bakoitzak bere bidea egin behar du", azaldu dute udaletik.

Baina Amezketako Udalak gai honen inguruan lanean jarraitu nahi du, eta alokairuan jarri nahi izan dute arreta: "Badakigu badirela Amezketan alokairu bila dabiltzan gazteak. Arazo bat dute, ordea, ez baitago alokairurako ia eskaintzarik herrian. Honen aurrean, herri handiagotan bilatzen dute alokairuaren aukera".

Irtenbidea herrian bertan dutelakoan da udala, izan ere, Amezketan 126 etxe huts zenbatu dituzte. Etxe huts horiek alokairura ateratzea bultzatu nahi du udalak. "Badakigu etxe hauetako asko ez daudela bizitzen jartzeko prest, baina alokairura bideratzeko etxeetan obrak egiteko diru laguntzak daude", argitu du Amezketako Udalak, eta horiek eskuratzeko erraztasunak jarri nahi dizkiete herritarrei.

Amezketako gazteek herrian bertan alokairurako aukera izan dezaten nahi du udalak, eta horregatik, hasteko, "dei egiten diegu etxe bat alokatu nahi duten herriko gazteei udaletxera deitu, eta izena eman dezaten", argitu dute. Bestetik, etxe huts bat dutenengana zuzendu da: "Etxe huts bat eduki, eta herriko gazteei alokatzeko interesa izan dezaketen jabeek udaletxera deitu, eta izena eman dezaten nahi dugu".

Ondoren, Amezketako Udalak harremanetan jarriko lituzke etxe jabeak eta herriko gazteak.

Udala jakitun da gai honek etxejabeari zalantza asko sortzen dizkiola -zein pauso jarraitu behar diren, eskakizun legalak, beraien eskubideak, prezioak…-, hori dela eta, Amezketako Udalak aholkularitza pertsonalizatua eskainiko dio zalantzak dituen etxejabeari: "Zein aukera dituzten azalduko diegu".

Bukatzeko, etxejabeak zalantzak argitzeko udaletxera deitzera animatu nahi dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!