Prest dute urriko kultur eskaintza Amezketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 6a, 15:58
Uda aurretik aurkeztu zuten Asier Hilarioren glaziar bailarari buruzko liburua, eta berarekin egingo dituzte bi ibilaldiak asteburuan.

Udazkena, aurreko beste hilabeteak bezala, berezia izango da, baina Amezketan ez dute hutsik egin nahi izan eta kultur ekitaldiz bete dute.

Datorren asteburuan hasiko dituzte ekitaldiak San Martinetik Pardelusko iturrira bitarte ibilaldiarekin. Arritzagako ibilaldian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena udaletxean bertan. Amezketarrek izango dute lehentasuna eta bihar arte izango dute epea zabalik, eta datozen bi egunetan gainontzekoek izango dute izena emateko aukera, plazak egonez gero behintzat.

Urriaren 16an pilota izango da protagonista. Eskuz banakako txapelketa ikusi ahal izango da lehenik, Rezusta eta Etxeberriaren arteko sailkatua Darioren kontra, eta eskuz binakako partida egongo da gero; Altuna III-Bikuña Irribarria-Galartzaren aurka. Sarrerak salgai daude jada www.entradasfronton.com webgunean, eta partidaren egunean frontoian erosi ahal izango dira 20:00etatik aurrera.

INGURUMENA ETA EUSKARA

Urriaren 17an erreka garbitzeko deia egin dute. Auzolanean egin nahi dute eta ur saneamenduaren beharra azpimarratu nahi dute haur, gazte eta gurasoei deia luzatuz. Ur saneamendua eta bidegorriaren aldeko lantaldearen eskutik egingo da, eta hilaren 12tik 15era eman beharko da izena 687 425 970 telefono zenbakira deituta.

Haurrek ere izango dute ekitaldirik. Urriaren 23an hitz jokoak, bertsoak, dantzak eta kantua izango dira aukeran, Plaza irrintzika haur berbenarekin. Eta urriaren 30ean haurrei zuzendutako sukaldaritza tailerra egongo da. Izena eman beharko da bi kasuetan, hilaren 19tik 22ra, 688 71 16 75 telefono zenbakian.

Bukatzeko hilaren 31n, heriotza eta doluari buruzko hitzaldi-tertulia eskainiko du Agurtzane Garmendiak. Hilaren 26tik 29ra bitartean izena eman beharko dute interesatuek 690 34 90 09 telefono zenbakian.

AMEZKETAKO URRIKO UDAZKEN KULTURALA

Urriak 10 eta 11

Arritzagako ibilaldia. Ibilaldia 09:00etan San Martindik hasi eta Pardelusko iturriraino egingo dute, Asier Hilario geologoarekin, bailara glaziarreko berezitasunak ezagutuz. Izena eman behar da udaletxean. Bihar arte herritarrek dute lehentasuna.

Urriak 16, ostirala

Pilota partidak. 21:00etan Larrunarri pilotalekuan. Eskuz Banakako Txapelketa: Rezusta eta Etxeberriaren arteko sailkatua Darioren aurka. Eskuz binaka, Altuna III.a-Bikuña eta Irribarria-Galartza. Sarrerak salgai daude.

Urriak 17, larunbata

Auzolana. Ur saneamenduaren eta bidegorriaren aldeko lan taldeak deituta. 10:00etan plazan elkartu, eta erreka garbituko da. Izena eman behar da.

Urriak 23, ostirala

Plaza irrintzika haur berbena. Ikuskizun saltsero eta parte hartzailea, euskara ardatz hartuta,. 18:00etan Larrunarri pilotalekuan. Hitz jokoak, bertsoak, dantza eta kantua izango dituzte. Parte hartzeko izena eman beharko da.

Urriak 30, ostirala

Haurrentzako sukaldaritza tailerra. LH 1-3 /LH 4-6 artekoentzat izango da sukaldaritza tailerra, Zazpi Iturri elkartean. Txikienek 16:30etik 18:00etara eta besteek, 18:30etik 20:00etara izango dute tailerra. Izena ematea beharrezkoa da.

Urriak 31, larunbata

Heriotza eta dolua tailerra. Bizitzaren eta heriotzaren arteko zubia tailerra eskainiko du Agurtzane Garmendiak, 18:00etan, kultur etxean. Interesatuek izena eman beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!