Jokin Altuna ere finalera

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 26a, 10:32

Jokin Altuna eta Ander Imaz bikoteak, atzo, Olaizola eta Zabaleta menderatu zituzten azken tantoetan. Honenbestez, Caixabank Masters txapelketako finalean eskualdeko bi aurrelari ariko dira nor baino nor txapelaren bila. Artola eta Rezustaren aurka jokatuko dute, bihar, finala, Bilbon.

Atzo jokatu zen Logroñoko Adarraga pilotalekuan Caixabank Masters txapelketako bigarren finalaurrekoa. Olaizola-Zabaleta eta Altuna-Imaz bikoteak finalerako txartelaren bila atera ziren kantxara. Partida gogorra, saiatua, ederra eta emozio handikoa eskaini zuten.

Urdinak partidaren hasieratik atzetik hasi ziren. Launa, bosna eta seina ere berdindu zuten, baina beti gorriek egiten zuten aurrea hartzeko tantoa. Altunak pilota asko mugitu zuen, eta aurkarientzat pilota txar asko jarri zituen, baina era berean, Olaizolak ere gauzak zail jartzen zizkion Altunari. Honela, partida gogorra eta zaila jokatu zuten. Aurrean tanto eder asko eskaini zituzten, txokora eta zabalera egindako tanto bikainak eskainiz.

Zortzina eta bederatzina berdindu ostean, gorriek hartu zuten aurrea. 12-9; 13-11; 15-12; 16-13; eta 16-14tik 19-14rako bidea egin zuten. Jarraian, amezketarrak txokoan bi tanto egin, eta 19-16 jarri zuten markagailua. Bikote lehiakorra izan zen urdinena, eta inongo momentutan ez zuten etsi, eta azken tantoetan, partidari buelta ematea lortu zuten 22ra iritsiz. 20 eta 16 joatetik, 20 eta 22rako bidea egin zuten. Emozio handiko partida izan zen.

Ez dute atsedenerako tarte handirik izango, baina finala jokatu beharko dute, bihar, Artola eta Rezustaren aurka. Jakina dena da, Bilbotik txapela eskualdera iritsiko dela. Bihar ikusiko da, ordea, Iñaki Artolaren edo Jokin Altunaren buruan etorriko den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!