Normaltasun berri honetan ('norma' gazteleraz araua izaki, 'arautegi berria' deitzea hobe agian), gauzak beste modu batekoak izango zirela zirudien. Bai gizartean oro har, baita neure baitan ere. Baina, Xabier Usabiagak dioen moduan, «Kukuak oker jo» digunaren sentsazioa daukat.
Azter nezake goi-mailako politika, azter nezake ekonomiaren joera orokorra… baina nire bizpahiru zutabe irakurri duenak badaki, behe-lainoaren ihintza nahiago dudala, goi-hodeien erauntsia baino.
Niregandik hasita, maiatzeko zutabean adierazi nuen (eta zuetako askok esan zenidaten identifikatu zinetela) etxealdia primeran etorri zitzaidala. Niretzako denbora izan, maite ditudanengan arreta jarri, nire premiazko beharrak ezagutu… horretarako balio izan zuen etxealdiak. Baina, iraileko azterketan ez naiz formula horietaz gogoratzen. Ahaztu zaizkit irailerako. Eta, normaltasun berriaren zurrunbiloak bereganatu nau. Berriro hasi naiz maite ditudanekin nahi baino gutxiago egoten, berriro hasi naiz etxean hain ez-etxeko sentitzen, berriro hasi naiz nire gorputzak kirola eskatu arren bestelako gauzak egiten.
Ezer ikasi al dut etxealditik? Baiezkoan nago. Orain 'txibatoa' lehenago pizten da. Dagoeneko jabetu naiz. Eta, ez da gutxi.
Hainbat zereginei batera ekin, eta ezin bada guztia nahi bezala kudeatu. Beraz, galdera da: Ezer ikasi al dut etxealditik? Baiezkoan nago. Orain txibatoa lehenago pizten da. Dagoeneko jabetu naiz. Eta, ez da gutxi.
Ingurukoengan ere gauza gutxi aldatu dela esango nuke, lehen begiratuan. Iraila izan eta ekaineko estresa duela esan dit irakasle eta lagun ditudan pare batek. Eta, horrez gain, etxealdian balioa aitortu genien sektore batzuez inguruko zenbait pertsona ahaztu direnaren irudipena daukat: herriko merkatari txikietan ez dut pasa den irailean baino jende gehiago nabari, kultur-ekitaldi gutxi antolatzen ikusi ditu udan udal askok (ea udazken kulturalak nire ahoa ixteko balio duen), bideo-deietan gehiago elkartu nintzen zenbait kiderekin…
Baina, iraileko azterketa muturren aurrean daukagu, zorionez. Geure baitan dago udaberrian ikasitakoa irailean praktikan jartzea. Hanka sartu dugula? Ez da berandu norabidea aldatzeko!
Eutsi goiari!