«Badaude gorune batzuk, baina ni ibilbide osoarekin geratuko nintzateke»

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 18a, 19:59
Iker Karrera eta Unai Ugartemendia. IMANOL GARCIA LANDA

Bi proposamen iritsi zitzaizkion Iker Karrerari bere kirol ibilbidea liburu bihurtzeko, gerora bat egin dutenak. Kirol datuak baino mendi lasterkariaren bizipenak eta gogoetak bildu dituzte bertan.

Iker Karreraren (Amezketa, 1974) kirol ibilbidea jaso dute Bidea ipar liburuan, protagonistak berak eta Unai Ugartemendia (Andoain, 1975) kazetariak osatuta. Liburuaren jendaurreko aurkezpena Tolosako Leidor aretoan egingo dute, irailaren 30ean, 20:00etan.

Proiektu guztiek dute hasiera bat. Nola izan zen liburuarena?

Unai Ugartemendia. Ikerrek dortsala jarri zuen azken egunaren hurrengo egunean. Chamonixen, Berria-rako elkarrizketa egin nion. Arratsalde ederra pasa genuen han, eta bi orri izan behar zuenak sei edo zazpi idazteko emango zidan, eta konturatu nintzen gauza asko bidean geratu zirela. Furgonetan handik nentorrela, konturatu nintzen Ikerrekin beti izan dudan sentsazioaz, elkarrizketak egin ditudanean oso luze joan direla, eta erdia baino gehiago atera gabe geratzen zela. Eta hor etorri zitzaidan liburuaren lehenengo zantzua, baina ez nion erreparo askorik jarri. 2019ko martxoan, Chamonixen egindako elkarrizketa entzuten ari nintzela berriro, pentsatu nuen liburua egitearena proposatuko niola, eta arratsalde horretan deitu nion. Justu, Desnivel editorialekoak deitu ziotela esan zidan, liburu bat erdaraz idazteko. Nik baldintza bakarra jarri nion, idaztekotan euskaraz bakarrik idatziko nuela. Gero, hilabetera edo deitu zidan Ikerrek eta hortik abiatu ginen.

Iker Karrera. Bazen denbora Desniveletik esan zidatela liburua idazteko. Lehiaketako ibilbidea bukatuta, ikusten nuen garaia izan zitekeela. Desniveleko Darioren [Rodriguez] bitartez erdaraz izango zen, eta Unairekin [Ugartemendia] euskaraz, eta hasieran zalantza batzuk izan banituen ere, gero eta buelta gehiago eman, konfirmatu zidan nik liburu bat idatzi behar banuen, lehenengoa behintzat euskaraz izan behar zuela. Azken urteotan gehiena erdaraz egin dugu, eta uste dut euskarari zor niola zerbait; gainera, ikusten nuen errazago adieraziko nituela gauzak. Unairekin ondo konpontzen naizenez, nahiko erraza izan zen erabakia hartzea.

Zer suposatzen du zuretzat, Iker, zuri buruzko liburu bat argitaratzea?

I.K. Nire kirol ibilbideko bizipen mordo bat daude jasota, eta horrek badu balio bat, memoria denborarekin higatzen joaten delako. Liburua egiteko ariketa horretan ohartu naiz zenbait datu eta gauza galtzen joaten direla, eta liburuak ere ematen du horiek gordeta geratzeko aukera. Datuak baino bizipenak daude, eta kirol ikuspegia bezainbat jasota dago alde humanoa. Miseriak eta bestelakoak barruan gordeta daude, eta hori ere bagara. Liburuan nire izatearen puska bat jasota geratuko da.

Zuk, Unai, garbi ikusten zenuen Ikerren kirol ibilbideak merezi zuela liburu bat egitea.

U.U. Bai, eta nik, gainera, bere ibilbide guztia jarraitu dut. Gogoan dut aurrenekoz gertutik ikusi nuenean Ehunmilak-eko lehen edizioan izan zela; goizeko ordu batak izango ziren, Trianguloa plazan nengoen, eta bere irudia Herniotik nola jaitsi zen euri artean. Eta gero, ordutik aurrera egin duen guztia. Nik bere ibilbide guztia ezagutzen nuen; hemen, Tolosan, ikusten genuen egunero, baina kontuan izan behar da une batean munduko bigarren onena izan zela, Kilian Jorneten ondoren. Liburua bera ez da mendi lasterketetako friki batentzako: ez ditugu denbora asko jarri, ez dugu entrenamendu bat ere idatzi... Gehiago izan da bere bizipenak, bere gogoetak... Garaipen ugari ditu, baina bere miseriak ere pasa ditu. Lehenengo elkarrizketan azaldu nion Ikerri gauza bat bakarrik esango niola, biluzi egin behar zela. Uste dut komunikabideetan jorratzen ez diren gauza asko jorratu egin behar direla. Hor ikusi nuen kontatu nahi zuela, eta nik entzun nahi nuela, eta oso erraza izan da niretzat.

Nola izan da liburua idaztearen prozesua bera? 

I.K. Lanaren oinarria Unaik egin duen prestaketa edo gidoia izan da, eta gero elkarrizketa ordu mordo bat igaro ditugu. Hor askatzen joan gara, gauzak botatzen, eta gero hori guztia jaso du, idazten joan da, eta gero zuzentzen joan gara.

U.U. Idazteko lan horretan gidaria Ramon Olasagasti izan da. Nik ez nuen behin ere liburu bat idatzi. Ni ez naiz idazlea, ez naiz behin ere horrela sentitu, baina kazetari nabilen horretatik ikusten nuen kazetari askok esajeraziorako duten joera. Eta Ikerrek zerbait ez badu egin bere ibilbidean, esajeratzea izan da. Hor egon nintzen nola bideratu, nire ikuspuntua bakarrik sartu edo... Ramonekin izandako solasaldi batean konturatu nintzen Ikerrek hori baino errespetu gehiago merezi zuela, eta ikusi genuen egokiena galdera-erantzunekin egindako liburu bat osatzea. Koma bat ere ez dugu esajeratu, eta gutxiagotik ere ez dugu jarri: kontatu dugu Ikerrek kontatu duen bezala.

Pasarte ugari berriz ere biziko zenituen, Iker. Pertzepzioren bat aldatu zaizu, edo, esaterako, uste zenuen daturen bat gero beste bat izatea?

I.K. Denborak eta horrelako kontuetan baino, esango nuke bizipenetan, lasterketa edo marka bakoitzak utzitako hondar horren inguruan egon dela buelta ematea edo gauza batzuetaz ohartzea. Momentu batean izandako erreakzioaz, edo egindako zerbaitez... Aspektu horietan zer pentsatua ekarri dit ariketa honek. Datuena ez da gehien interesatzen zaidan dimentsioa, hori gutxienekoa da, eta datu horien bila doana, liburu honekin ez du topatuko.

Beraz, batez ere zure bizipen eta hausnarketak topatuko ditu irakurleak.

I.K. Azkenean kontakizun bat da, kapituluka, lasterketak eta markak jasoz. Ibilbide gehiena behintzat egituratuta dago, eta kapitulu bakoitzak bere edukia du. Kirolaria azaltzen da baina atzetik dagoen giza aspektu hori uste dut azaleratu dela. Gure miseriak hor ikusten dira, eta baita horrelako ibilbide bat egin ahal izateko, kirolari batek izan behar duen esfortzu, diziplina eta beste hainbat gauza ere bai.

Liburuaren izena, 'Bidea ipar', nondik sortu da?

U.U. Ikerrek azaldu zuen ze kutsu eman nahi zion liburuari, eta bota zituen hiru edo lau esaldi, eta Ramonekin ere kontsultatu genuen. Ikusi genuen motza izan behar zuela, indarra zuena, eta gainera bere ibilbideak markatzen du liburua. Ikerrek dioen moduan, datu gutxi daude, eta gehienbat bere gogoetak dira. Hainbat lasterka irabazi ditu, baina bere porrot pertsonalak izan ditu, nahiz eta lasterketa bat irabazi, eta horiek ondo azaleratu ditu. Eta uste dut jendeari horrek piztuko diola atentzioa.

Eta azaleko argazkiaren aukeraketa? Lehen kolpean ikusten dena da ez zaudela bakarrik.

I.K. Azal horrek bere istorioa du, eta horri buruz asko hitz egin daiteke. Nik uste dut ondo aukeratuta dagoela, eta ez dagoela ezer soberan. Unaik argazki sorta bat erakutsi zidan azalerako, eta ez nintzen oso gustura sentitu. Argazki galeria begiratzen hasi nintzen eta argazkia ikusterakoan esan nuen: «Hau da», argazkia bera, eta baita argazkiak duen istorioa biribila delako. Lasterketa bateko helmugara iristen garen momentua da, ni bigarren izan nintzen eta argazkian dagoena izan zen irabazlea. Eta hori askotan gertatu zait, eta lasterketa handienetan kasik bigarren izan naiz. Irabazi zidana gaztea zen, eta lehiatu naizen azkeneko lasterketa izan zen, Somiedokoa. Besarkada bat da, eta nolabait agur esateko modu bat da korrikalari guztiei. Ibilbide honetan bakarrik gutxitan egon naiz. Gehienetan inguru batek lagunduta egon naiz, eta inguru horretan korrikalariak izan dira parte garrantzitsuena kasik. Korrikalari baten ibilbidean duzun arerio eta lagunik handiena beste korrikalari bat da.

Kilian Jornetek egindako hitzaurrea du liburuak. Horrek ere bere esanahia izango du.

I.K. Unairi zor zaion zerbait da. Kilian laguna dut, nahiz eta berarekin maiztasunezko harreman bat izatea ezinezkoa den. Berarekin egon naizen gutxietan, gauza asko elkar ulertzen ditugu, eta gauza asko esan gabe, ulertzen gara. Nire liburuan Kilianen hitzaurre bat izatea ohore bat da, eta kirol honetan ezin da gehiago eskatu.

U.U. Uste dut pandemiak guri ekarri zigun gauza onenetakoa horixe izan zela. Hiru astetan etxean harrapatu genuen, eta gogoan dut deitu nioenean segituan baietz esan zidala. Orain liburuaren aurkezpenerako bere sorpresatxo bat izatea espero dugu.

Noiz jarriko da salgai liburua?

U.U. Irailaren 30ean, aurkezpenaren egunean bertan. Aurkezpenean ale batzuk izango ditugu salgai.

I.K. Aurkezpena aipatuta, esan behar da gaur egun bizi dugun egoera honek baldintzatzen digula guztiz. Neurri batzuk hartu behar dira, gune seguru bat izan nahi genuen, eta horregatik pentsatu genuen Leidor izatea. Lehenetsi nahi dugu segurtasuna eta gonbidapen bitartez joan ahal izango da jendea aurkezpenera. Zerrenda ere prestatuta dugu gonbidapen horietarako. Horren ondorioz aztertzen ari gara sareak baliatzea, nahi duenak modu irekian zuzenean jarraitu ahal izateko ekitaldia.

Ze nabarmenduko zenuke, Iker, zure ibilbidetik? 

I.K. Egon dira mugarri batzuk, lasterketa eta marka batzuk, eta liburuan bertan aipatzen dira azpimarratuta, baina orokorrean, denbora pasatu eta gero, ni ibilbide osoarekin geratuko nintzateke. Badaude gorune batzuk, baina perspektiba pixka bat hartuta, ibilbide guztiak balio izan zuen, merezi izan zuen, eta badu koherentzia bat. Liburuaren izenburuak ere hor hartzen du indarra.

Eta zure ikuspuntutik, Unai, zerbait nabarmenduko zenuke?

U.U. Ni pixka bat bustiko naiz. Egia da denek gogoan dutela 2011ko Mont Blanceko Ultra Traila (UTMB), bigarren egin zuenekoa, ia inork ez zuelako ezagutzen, eta hara azaldu eta Kilianen atzetik bigarren egin zuen. Inoiz debutari batek egin duen denborarik onena egin zuen, eta gaur egun ere oraindik hor dagoen marka da. Nik, baina, 2014koa nabarmenduko nuke. 2013an lesionatu egin zen, eta hilabete asko geldirik egon ondoren, berriz ere 2014an Chamonixera joan, eta berriro ere bigarren egitea... Jendeak bazekien zerbait bazuela, baina bi aldiz joan eta bi aldiz bigarren egitea... Gainera asko sufrituta lortu zuen, eta kontakizuna izugarria da.

Mendi lasterketak utzita, nola ari zara bizitzen orain kirol hau? Joaten zara korrika egitera?

I.K. Korrika egiten jarraitzen dut. Orain ez naiz entrenatzera joaten, orain korrika egitera joaten naiz, plazerez joaten naiz, osasunez nire gorputzak eta nire buruak behar duelako korrika egitea eta mendira joatea. Gero, auskalo itzuliko ote naizen. Ez dut baztertzen, baina ohartu naiz denbora bat behar nuela, geldialdi bat behar nuela. Urriaren hasieran zerbait egingo dut, baina Salomon etxeak sare sozialetara begira antolatu duen zerbait da, eta ez du zerikusirik lehia edo lasterketa batekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!