Euskara ikastaroak herrian antolatzeko erraztasunak jarri ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 11a, 10:19

Amezketako Udalak, beste ikasturte batez, euskara ikastaroak herrian antolatu nahi ditu Tolosako Aitzol Euskaltegiarekin batera. Irailaren 18an bukatuko da izena emateko epea.

Urtero moduan, aurtengoan ere, Amezketako Udalak 2020-2021 ikasturterako euskara ikastaroak antolatu nahi ditu herrian bertan, Tolosako Aitzol Euskaltegiaren eskutik. Izen ematea edo matrikula udaletxean egin beharko da, eta hilaren 18a da apuntatzeko azken eguna. Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura dela adierazi dute udaletik: "Dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea ere". 

Ikasturte berriari begira, oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egiten du udalak. Hamasei urtetik gorako edozein herritarrek eman dezake izena. Europako hizkuntzen markoaren arabera, oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskararen ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2, aldiz, erdiko mailakoentzat, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskura daiteke; lanbide askotarako da aproposa. Azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna (lehen EGA titulua zena, gaur egun jada desagertua) eskura daiteke, maila goreneko ikasketen lanbideetarako erabat beharrezkoa.

Matrikulak 100 euroko kostua izango du, hau da, fidantza modukoa jarri beharko du izena ematerakoan. Ikasturtearen bukaeran, ordea, ikasleei bueltatuko zaie, klaseen %80ko bertaratzearekin betetzen badute (laneko edo gaixotasun arazo ulergarriak alde batera utzita). Neurri horrekin, Amezketako Udalak ikasleen konpromisoa bermatzea lortu nahi du. "Gertatu ohi da ikasturtearen hasieran askok izena ematen dutela, eta fin hasten dira klaseetan, baina gero batzuk utzi egiten dute, eta honek udalari sortzen dizkio antolakuntza eta diru kalteak", azpimarratu dute udaletik. Beraz, nabarmendu behar dena da, "klaseetara joanez gero, hauek dohainekoak direla".

Behin izen ematea bukatuta, guztiei bilera baterako deia egingo zaie udaletik, konpatibilitateak eta mailak kontuan hartuta, egutegia, ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

Informazio gehiago nahi duenak, udaletxeko 943 65 31 89 telefono zenbakira deitu dezake, edota Aitzol Euskaltegira, 943 65 10 06. Amezketako Udalak 16 urtetik goragoko amezketar guztiak animatu nahi ditu izena eman eta euskara ikasteko aukera hau aprobetxatzera: "Ikasle, langile nahiz langabetu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!