«Oso beldurtia naiz, eta gauak izan dira txarrena»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 11a, 11:58

Imanol Artola felix amezketarrak abuztuaren 1ean ekin zion bizikleta abenturari. Oporrak Euskal Herrian pasatzea erabaki, eta zazpi herrialdeetatik zeharkaldia egin du. «Asko balio izan dit, eta indartuago atera naiz», dio.

Hemezortzi etapetan egiteko asmoa zuen zeharkaldia, hamalau etapetan amaitu zuen Imanol Artola Arretxe felix-ek. Bizikleta hartu, eta oihalezko etxola eta lo zakua hartuta egin du Euskal Herriaren ertzetik zeharkaldia. Bidean, besteak beste, bi aldiz konpondu behar izan du bere garraiobidea, eta Arabako lurretan sartuta, oihalezko etxola galdu eta berria ere erosi behar izan zuen. Enkarterrietara bisita egiteko gomendioa luzatu du. Gurasoak lagun izan ditu, eta gustura dago, batik bat, bere buruarekin.

Noiz bururatu zitzaizun bidaia mota hau egitea?

Ia 15 urte izango dira opor hauek egingo nituela buruan nuela. Konfinamenduak askorako eman du, eta bukatu zenean, hausnarketa asko egin nituen. Jokin anaiarekin konpartitu nituen. Jokinek, hausnarketa garaian, 20 bat egunez neure buruarekin egon eta kirola eginez oporrak egitera animatu ninduen.

Zer dela-eta bizikletaz?

Gehien gustatzen zaidan kiroletako bat izango da. Banaiz txirrindularitzako frikia. Aldapak igo aurretik zein portzentaiak-eta dituzten begiratzen dut. Betidanik gustatu izan zait, eta aspalditik ibiltzen naiz. Eta orain ere badut erronka, eguraldiak laguntzen duenean lanera ere, Abaltzisketatik Tolosara bizikletan joatea. Garraiobide moduan ere erabili izan dut.

Euskal Herriaren mugen ertzetik egin duzu zeharkaldia. Hori nahi zenuen?

Bai. Euskal Herriaren ertzetik pasatzea zen asmoa. Itzulia ahalik eta ertzenetik egitea zen helburua. Kulturaren edo erromantizismoaren frikismoraino joanez, Euskal Herria zeharkatzea. Duela 15 urte ia kalkulatua nuen 1.100-1.200 kilometro izan behar zutela.

Abuztuaren 1a jarri zenuen hasteko eguna. Urduritasunik bazenuen?

Prestaketa lan asko egin dut, eta astebete lehenagotik egun horiek jada bai pasa nituela urduri samar. Bezperako gauean ere ez nuen lo gehiegirik egin, eta seiak aldera esnatu eta aitak eraman ninduen Donostiako Ondarretara. Oso agur hotza izan zen nire urduritasuna medio. Zirimiria ari zuen gainera, eta bizikleta ondo jarri aitari besarkada bat, eta Igeldon gora abiatu nintzen. Oriora jaisterakoan konturatu nintzen frenoak ez nituela guztiz ondo, eta abiatu aurretik bizikletari ere ez niola azterketarik pasa.

138 kilo gainean. Erraz ibili zara?

Aldapa txikiren bat ikusten nuen momentutik arin-arinenean jarri, ipurdia lasai aulkian eseri eta halakoren batean iritsiko naiz gora zen nire planteamendua. Pisua da, eta neuk ere badut, baina zakua, denda,... beste 20-25 kilo gehiago banituen, egunaren arabera. Nabaritzen da, eta kostatzen da, baina pazientziarekin hartu eta 24 orduak horretarako badituzu, erosoa da.

Lo lekuak erabakita zenituen edota sasoiaren arabera erabakitzen zenuen non geratu?

Berez hemezortzi egun nituen kalkulatuta, eta Google Maps-i esker guztia nuen zehaztuta. Zenbat kilometro, lo non egin,... Lehen bost egunetan dezente mantendu nuen antolatutakoa, baina gero oso ondo ikusten nuen neure burua eta egunez egun joan nintzen hamalau etapatan bukatuz. Niretzat esperientzia berria zen, eta segurutik jo nuen hasieran. Garbi nuen ahalik eta herririk txikienetan egin nahi nuela lo, eta horiek bilatzen saiatu nintzen.

Kanpoan egiten zenuen lo. Beldurrik pasa duzu?

Nik ez dut ondo deskantsatu. Ez nuen lo hartzen 01:30-02:00ak arte normalean, eta 04:00ak aldera berriz esnatzen nintzen. Oso beldurtia naiz, eta gauak izan dira unerik txarrena. Ez dut lo asko egin.

Lagunen bat ere egin duzu bidean.

Bai, Bizkaiko zubia zeharkatzean beste txirrindulari batekin egin nuen topo. Hizketan hasi eta Lodosatik pasako nintzela eta, bost minuturako bere etxea eskaini zidan. Carcar herrikoa zela, eta bertan izango nuela jatekoa, dutxa eta lo lekua. Telefono zenbakia hartu nion, eta behingoz ondo bazkaldu eta afaldu nuen, eta baita ondo deskantsatu ere ohe batean lo eginda. Markosekin egun hori pasa izanak asko lagundu zidan. Oso eskertuta nago ezagutzen ez duzun pertsona batek horrela ateak ireki izanaz.

«Gure herria zeinen askotarikoa den jabetzeko balio izan dit» idatzi duzu. 

Ez nekien zer topatuko nuen. Karrantzan gauza batekin egin nuen topo, Erriberan, erabateko kultura ezberdina, eta Iparraldera pasata momentu batzuetan arrotz sentitzeraino. Euskal Herria berdea irudikatzen dugu, baina etapa gehienak horia eta lautaden bueltan egin ditut. Asko balio izan dit, eta indartuago atera naiz. Bukatu ostean, amak esan zidan, bosgarren egunerako seguru zegoela etxera itzuliko nintzela. Sentsiblegia eta beldurtiegia naizelako kanpoan lo eginez ibiltzeko. Nik ere horrela uste nuen, ez nengoen seguru egingo nuen edo ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!