Koronabirusa

Ez da San Bartolome festarik izango Amezketan

Ataria 2020ko abuztuaren 10a

Amezketako Udalak aurten San Bartolome jaiak ez ospatzea erabaki duela iragarri du. Ordainetan, kultur hamabostaldia indartuko dute, udazken kulturala bihurtuz.

Herri askotako kontua izan da, eta Amezketako Udalak ere gaur eman du ezagutzera erabakia. San Bartolome jaiak ez dira ospatuko aurten. 

Koronabirusak, "distantzia soziala eskatzen duten neurriak hartzera behartu gaitu guztiok, eta horretan ari gara", azaldu dute, eta gauzak honela: "Jende pilaketak saiheste aldera, udalak aurten San Bartolome jaiak ez ospatzea erabaki du".

Kulturaren sektoreak bizi duen egoera larriaz jakitun direla azpimarratu dute udaletik. Argi dute, era berean, kultur ekitaldiek aukera ematen dutela "osasun neurriak betez" gauzatzeko. Hori horrela, "azaroan egin ohi dugun kultur hamabostaldia indartu eta hau udazken kultural bihurtzea erabaki dugu". 

Datozen asteetan hasiko direla udazken kulturala prestatzen aurreratu dute, eta irailean bilera bat egingo dute, "nahi duten herritar zein eragileek parte har dezaten eta beraien proposamenak egin ditzaten". 

Amezketako Udalak "elkar zaintzen" jarraitzeko mezua utzi die herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!