Ur berria dator iturritik

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 22a, 11:59

Amezketako Zazpi Iturri pilota elkarteak etapa berri bati ekin dio, arduradun berriak baititu; Xalton Zabalak urtetan egindako lanari jarraipena eman nahi diote gidari izango diren hiru gazteek.

Orain 45 urte sortu zen Zazpi Iturri pilota elkartea, Xalton Zabalaren eskutik. Zabalak urte guzti hauetan gidatu du, baina zeregin hori uzteko garaia iritsi da, eta lekukoa hartzeko prest agertu dira hiru gazte. Beñat Beloki bedaiotarrak, Ibai Amundarain amezketarrak eta Jokin Altuna pilotari profesional amezketarrak hartu dute elkartearen ardura.

«Herrian ez zuten nahi klubik gabe geratzea. Aukera eman ziguten gure garaian, eta guk proposamen bat egin genuen. Jendea gustura azaldu zen eta dagoeneko martxan jarri gara eta ea jendeak gustura jarraitzen duen», esan du Belokik. Gurasoek herrian klubak aurrera jarraitzeko nahia erakutsi zuten, pilotan aritu nahi dutenek beste herri batera joan beharrik ez izateko. «Herri pilotazalea da, eta herrian bertan pilotariak ditu eta izan ditu, eta bertan kluba izatea beharrezkoa da», gaineratu du. «Ea orain proiektu polit bat ateratzen dugun aurrera».

Egun 20 eta 30 pilotari artean daude Zazpi Iturrin. Neska bakarra dago eta arduradun berriek nahiko lukete gehiagok izena ematea. Hain justu, denboraldia irailean hasten bada ere, dagoeneko zabalik dute izen ematea. Izan ere, kluba bera martxan dago, eta astelehen zein asteazkenetan izaten dira saioak Larrunarri pilotalekuan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. LH1etik aurrera eman daiteke izena, eta hortik aurrera ez dago adin mugarik. Azken denboraldia hain berezia izan denez, abuztuan ere jarraituko dute saioekin. «Ea haur eta gaztetxo gehiagok izena ematen duten, eta horrela kluba indartzen joaten garen», esan du Amundarainek. «Gaur egun kadete artekoak ditugu elkartean, eta hitz egiten ari gara hortik gorako mailetako pilotariekin Zazpi Iturrira etortzeko».

XALTON ZABALAREN LANA

Belokik eta Amundarainek izango dute ardura nagusia eta Altunak lagundu egingo die. «Plus bat da Altuna bezalako pilotari bat, herrikoa dena, taldean izatea. Haurrei ilusioa egiten die hemen entrenatzen ari direla, bera begira izatea eta zerbait esatea. Erreferentzi bat da, eta bultzada bat da elkartearentzat», azaldu du Belokik. «Talde gaztea gara, ilusioa piztu duena herrian, eta hiruon artean talde polita osatu dugu».

Funtzionamenduari dagokionez, astean pare bat aldiz entrenamenduak egitea proposatzen dute. «Helduagoei entrenamendu fisikoa sartzen hasiko gara, maila bat dutenek behar dutelako, ez baita dena frontoian aritzea», esan du Belokik. «Txikiekin ez da dena partidak jokatzea izango. Hasiberritan kirolari gustua hartzea izango da, jolasak eta talde lanak eginez».

Zabalak egindako lanari begiratzerakoan, «inbidia pixka bat» sentitzen duela aitortu du Belokik: «Berak egin dituen gauza guztiak ikusita, hau da, profesionalak atera ditu, Zazpi Iturri goi mailako klub bat izatera eraman du txapelketa guztietan puntan ibiltzen zena, txapela asko lortu dituena... Xaltonen lana nabarmentzekoa da eta asko izan da Amezketari eman diona. Eta inbidia zentzu horretan da, oso zaila delako berak egindako guztia berdintzea, eta ea lortzen dugun ahal dugun gehien behintzat gerturatzea».

Amundarainen prestatzaile izan zen Zabala. Kadete arte aritu zen pilotan Amundarain, eta gero futbolaren bidea hartu zuen. «Orain futbola utzita dut, eta gustura ari naiz Zazpi Iturrin haurrak prestatzen». Beloki bera ere tarteka aritu da Amezketako frontoian entrenatzen, Zabalak horrela eskatuta: «Ikasi egiten zenuen. Berak esandakoak, ze jarrera hartu behar diren... Gero barneratzen dituzu, eta orain horiek erakustea izango da gure lana».

ELKARTEEN GARRANTZIA

Klubean Amezketako, Abaltzisketako eta Bedaioko pilotariak izan ohi dira. Egun, Berrobiko pilotari bat ere badute. Hain justu, herri txikietan pilota elkarteak izatearen garrantzia nabarmendu dute Zazpi Iturriko arduradun berriek. «Pilota euskal kulturaren parte da, eta orain dela urte askotatik dator umeak herri guztietan pilotan aritzearena», esan du Belokik. «Gure inguruko herri guztietan frontoi bat dago, eta frontoi horietan haurrak pilotan jolasten aritzen dira. Garrantzitsua da herrian pilotarekiko afizioa badago, bertan pilota eskola bat izatea. Agian ez du ematen afizionatu arteko maila guztiak izateko, baina haurren adineko mailakoak edukitzeko aukera badago. Garrantzitsua da afizio hori mantentzeko».

Pilotarientzako bakarrik ez, herriarentzako ere pilota elkarte bat izatea garrantzitsua dela nabarmendu dute. «Polita da ere pilota gustatzen zaion horrentzako herrian bertan pilota bizirik egotea. Justu egungo egoeran ez da gertatzen, koronabirusaren kontu hau dugulako, baina ziur gaude denboraldia hasten denean baten aitona eta bestearen amona etorriko direla saioak ikustera. Gero ere gustagarria izaten da herriarentzako tarteka pilota partidak izatea». Belokik gaineratu duenez, «pilotak garai okerragoak izan ditu, eta Gipuzkoan goraka dator. Profesionaletan dauden txapeldunak gipuzkoarrak dira gehienbat eta esango nuke Gipuzkoan ilusio hori berriz piztu dela».

Irailean hasiko dute denboraldia, baina ez dakite zehazki, beste kirol guztietan gertatzen den moduan, nola izango den egoera. «Irailean txapelketak hasten dira, eta beraz, partidak astebururo izango dira», zehaztu du Belokik. «Ez dakigu koronabirusaren kontu honekin nola gauzatuko den denboraldia, baina printzipioz irailean hasi eta ekainera bitarte ariko ginateke».

Ezohiko egoera honek ere Joxean Tolosa Txapelketa bertan behera uztea ekarri du. Zazpi Iturrik antolatzen duen buruz buruko txapelketa da, eta aurtengoa XXXI.ena izango litzateke. «Aurten ez egitea erabaki genuen, ikusita egoera nola dagoen, eta guk oraintxe hartu dugula klubaren ardura ikusita», esan du Amundarainek. «Egitekotan oso azkar egin behar zen, pilotari gutxirekin. Beraz, erabaki dugu datorren urterako utzi eta behar bezala antolatzea».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!