Amezketa, argi ezkutuaren bila

Leyre Carrasco 2020ko uztailaren 19a

Gaur jarri dira martxan Amezketako Udalak antolatutako eta Agurtzane Garmedia herritarrak gidatutako bisita gidatuak.

Koronabirusak eragindako egoera berezia dela eta, Amezketako Udalak turismoaren aldeko apustua egin eta Amezketako txoko ezkutuak ezagutu ahal izateko bisita gidatuak antolatu ditu. Elizaren alboko aparkalekutik hasita, errota zaharrean bukatu den ordubeteko ibilaldia eskaini dute gaurkoan. Mikel Arteaga, Turismo zinegotziaren laguntzarekin batera gidatu ditu gaurko bisitak Agurtzane Garmendiak, Amezketako herritarrak. Txindoki mendiko sarbiderako atea bezala ezaguna den herri txikiak gordetzen dituen altxorrak ikusi eta ezagutu ahal izateko aukera izan dute gaurkoan bisitariak.

Gaurtik hasita igandero izango dira abuztuaren 30a bitarte, eta bi saio eskainiko dituzte, 12:00etan eta 16:00etan. Amezketa herriaren bisita gidatuan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du www.amezketa.eus webgunearen bidez. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!