ETB Joxean Tolosa berriz hartzera behartuta

Ataria

Noticias de Gipuzkoa agerkariak jakitera eman duenez, eta Euskadiko epaitegi gorena aipatuz, euskal telebistak amezketarra "bere adinagatik diskriminatu" zuen.

Euskadiko epaitegi gorenak Euskal Telebista SA-ren aurkako epaia eman duela argitaratu du Gipuzkoako agerkariak. Epai horren arabera, ETB-k Joxean Tolosa berriro hartu beharko du, "lehen zituen baldintza berdinetan". Horrez gain, denbora honetan jaso ez duen soldata ordaindu beharko dio amezketarrari telebistak.

1995an hasi zen pilota komentarista lanetan Joxean Tolosa, ETB-n. Joan den irailean kaleratua izan zen. Pilotari ohiak telebistaren aurkako denuntzia jartzea erabaki zuen, "bidegabeko kaleratzeagatik" eta bere ustez jaso beharrekoa baino diru gutxiago jasotzeagatik. Donostiako epaitegiak arrazoia eman zion zentzu batean, izan ere, diru gehiago ordaintzera behartu zuen ETB. Kaleratzea ordea ez zuen bidegabetzat hartu. Tolosak erabakia errekurritu zuen.

Euskadiko epaitegi nagusiak arrazoia eman dio amezketarrari. Beti ere Noticias de Gipuzkoan ateratako albistearen arabera, "kaleratzea baliogabe geratzean, ETB-k ez du kalte ordainik ordaindu beharko, bakar bakarrik, Joxean Tolosa berriro hartu beharko du".

Epaitegiak kaleratutako sententziaren ardatza adinagatik diskriminatu izana dago: "Adina faktore erabakigarria izan zen, bere ordezko beste pilotari ezagun bat jarriz baina gazteagoa. ETB-ren helburua lantaldea gaztetzea izan da. Horregatik, kaleratzea bidegabea da, adinagatik izan zelako".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!