Amezketa ezagutzeko bisita gidatuak, igandetik aurrera

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uzt. 16a, 05:58

Amezketako Udalak turismoa bultzatzeko bisita gidatuak antolatu ditu, eta gidari lanak egingo dituena Agurtzane Garmendia herritarra izango da.

Amezketako Udalak turismo jasangarriaren aldeko apustua egin du egoera bereziaren aurrean. Mikel Arteaga Turismo zinegotziak azaldu du balorean jarri nahi izan dutela herriko ondarea, eta herriko bisita gidatuak antolatu dituzte. Dohakoa izango da bisita, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Herriak duen ondareaz jakitun direla aitortu du Arteagak, baina «agerian» jarri nahi izan dutela esan du. Osasun krisia dela eta, azpimarratu du neurri guztiak betez egingo direla bisita gidatuak. Hau da, maskara jarrita joan beharko da, eta gehienez ere hamabost laguneko taldeak izango dira, distantzia guztiak bermatuz.

Herriko bisita gidatuak egiteko herriko pertsona nahi zuen udalak, eta Agurtzane Garmendia aukeratu dute. «Herrikoa izateak beste gehigarri bat ematen dio», nabarmendu du Arteagak, eta «probatzera goaz».

Amezketa herriaren bisita gidatuan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du. www.amezketa.eus webgunearen bidez eman beharko da izena. Igandean bertan, hilaren 19an, egingo da lehen bisita gidatua, eta igandero izango dira abuztuaren 30a bitarte. Igandero bi saio eskainiko dituzte, 12:00etan eta 16:00etan elizaren alboko aparkalekutik hasita.

ORDUBETEKO BISITA

Agurtzane Garmendia herritarrak izango du iganderoko bisita gidatuak egiteko ardura. Hamabost pertsonako taldeen bidelaguna bera izango da, eta Argi ezkutuaren bila ibiliko dira. «Bitxikeria dezente kontatuko dizkiet», argitu du Garmendiak, eta motxila bat izango duela esku artean adierazi du: «Motxilaren barruan gauza polit batzuk ditut sartuta etortzen direnei erakusteko».

Haur, gazte eta helduentzako moduko bisitak direla azaldu du, eta edonork parte hartu dezakeela: «Haurrentzako badugu berezitasun bat prestatuta, eta kanpotarrez gain herrikoek ere izena eman dezakete. Momentu berezi bat bizi nahi duten guztiek parte hartu dezakete».

Bisitara doazenek autoa uzteko ez dute arazorik izango elizaren ondoko aparkalekuan. Bertan egingo die harrera Agurtzane Garmendia gidariak, eta bost txoko edo geldialdi izango dituela bisitak aurreratu du. «Etortzen direnek ordubete atsegin bat pasatzea gustatuko litzaidake, hemen eta orain», azpimarratu du Garmendiak. Elizaren ingurua ezagutzeaz gain, amaiera txoko berezi batean emango zaiola kontatu du.

«Amezketan ezkutuan dagoen eta balore handia duen ondarea ezagutzera etorri behar dute», dio, eta «egoera honen aurrean kanpoan eta naturaren ondoan egunpasa eder bat egiteko aukera izango dute».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!