Partida 22ra iritsi da

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 17a, 19:59

Esku pilota partida batean 22ra iristeko modu asko daude, Xalton Zabalaren 45 urteko ibilbidea kontatzeko dauden bezala; anekdotaz anekdota osatu du partidaren kontaketa amezketarrak.

Amezketako ukuilu batean hasi zen partida. 1975. urtea zen, eta herrian taberna bakarra zegoen. “Gazte piloa zer egin ez genekiela ibiltzen ginen. Batek, ukuilu bat zuela esan zuen, eta hura konponduz gero elkarteren bat jartzerik izango genuela. Horrela sortu zen Zazpi Iturri”. Xalton Zabalak 24 urte zituen orduan, eta elkartearen pilota sailaren ardura hartu zuen. “Gure elkartea ez zen inoiz gastronomikoa izan, sukaldea izanagatik, inork ez zekielako sukaldean”.

Lehen tantoa lortzea kosta egin zitzaien Zazpi Iturriko pilotariei eta Zabalari. “1983an izan zen. Gipuzkoako Txapelketa zen, eta kimuetan lortu genuen txapela Juan Antonio Artola eta Altuna I.arekin. Orduan, Azkoitia ukiezina zen. Lau final zeuden, eta lauretara iritsi ziren. Hiru irabazi zituzten, eta galdu zuten bakarra gure aurkakoa izan zen. Pilota eskolari izugarrizko indarra eman zion txapel horrek, herrian haur guztiek bat nahi zutelako”.

Tanto bolada oparoa iritsi zen ondoren: Nagusien Mailako Gipuzkoako Txapelketa, Euskadikoa, Espainiakoa, eta baita Herriartekoa ere.

Tantoz tanto, pilotariak profesionaletarako jauzia egiten hasi ziren: Eneko Galartza, Haritz, Ekaitz Saralegi eta Aitzol Sukia Zaldibiakoa. Juan Antonio Artola munduko txapeldun geratu zen, nahiz eta profesionaletara ez iritsi.

Boladak, ordea, amaitu egiten direla dio Xalton Zabalak: “Ondoren, beti ajea etortzen da, eta urte txar asko izaten dira tartean”. Partida botatzen ez baldin bada, ordea, jokoan jarraitzeko aukera izaten da, “berriak azaltzen direlako”. Zazpi Iturriren kasuan, Garmendia, Elorbe, Koxme eta beste hainbat pilotarik pilota eskola berriro goi mailara eraman zuten. Beste atsedenaldi baten ondoren, Jaka, Xabi Tolosa, Irribarria, Altuna III.a eta Erostarbe iritsi ziren. “Figura bat etortzen denean, honek ondorengo dezentekoa uzten du; bere lagunek ikusten baitute maila horretara ez direla iritsiko, eta beste zerbaitetan hasten dira. Figura ahazten denean, berriro hasten da pilota bueltaka”.

Pilotari horiek guztiak seme izan ditu Xalton Zabalak. Ondorengo ibilbidea baino gehiago, izandako haur haiek ditu gogoan amezketarrak. Tantorik ederrenen artean Ekaitz Saralegi dauka: “Hernanin zuen binakako finala 9 urterekin. Orduan, haurrak nik eramaten nituen kotxean. Orain ez bezala, gurasoak ez ziren joaten, eta, joaten baldin baziren, euren kabuz izaten zen. Andoain parean, ‘Xalton! Gaur gantxoa jo behar diat!’ esaten hasten zait umea. ‘Hi, Ekaitz, ikusiko diagu. Partida nola doan; ondo badoa; ikusiko diagu, sake erremateren batzuk edo…’ esan nion. Partida berak bakarrik irabazi zuen sakearekin eta gantxoarekin”. Klase hutsa izan da Ekaitz Saralegi Zabalarentzat, eta profesionaletara jauzi egiterakoan “zorterik” ez zuela izan esan arren, ez du ahazten gazteetan Euskadiko eta Espainiako txapelketak noren aurka irabazi zituen: “Aimar Olaizolari irabazi zizkion. Saralegi izugarria zen”.

Baina bat aukeratzekotan, Garikoitz Altuna, Altuna II.aren izena botatzen du azkar Zabalak: “Klase totala”. Eta horrek ere badu bere anekdota: “Benjaminetan eta kimuetan, bidean botaka egiten zuen beti. Zenbat partida jokatu zituen galtzak zikinduta! Ezker-eskuin, ikaragarria zen. Baina bi anaiak erremontearekin itsututa zeuden, eta erremontean bukatu zuten. Eskuz jarraitu izan balute profesionaletara iritsiko ziren, ez dut zalantzarik”.

Bide hori egin zuena Jokin Altuna izan zen, Altuna III.a, Imanolen eta Garikoitzen iloba. Eta ez da kasualitatea: “Jokinen bi abizenak Altuna eta Altuna dira. Amaren aita, Joxe, pilotaria izan zen, Amezketan Atanilloren aurka jokatutakoa da. Baina aitonaren emaztearen aita, Espainian zen esku pilotaririk onena zen. Aurkaririk ez zuelako erremontean hasi zen”.

Partidaren amaiera

Duela 45 urte hasi zuen ibilbideari agur esateko garaia iritsi zaio, eta hor, hainbat faktore egon dira. Nagusia, partida 22ra iritsi izana. Horri, osasuna ere gehitu behar zaio, beste hainbat arrazoirekin batera.

Bere ibilbidea den partida horretan, momentu on asko bizi izan ditu Xalton Zabalak, "eta baita eskertu beharrekoak ere". Joxean Tolosarekin bizitako anekdota haiek etortzen zaizkio jarraian burura: "Txapela irabazi zueneko eguna izugarria izan zen. Sustoa ere handia izan genuen". Aurrena Atano III.eko finala kontatzen du: "Eskuak lotuta, hainbeste sufritu eta gero, azkenean txapela irabazi zuen. Kostata baina lortu nuen berarengana jaistea. Zorionak eman nizkion, amezketar batentzat latza egin zuela esan nion". Ondoren, ospakizunak etorri ziren, eta ustekabekoa: "Bazkaltzera joan ginen jatetxe batetara. Joxean ondora etorri eta zera esan zidan: 'bazkaldu eta Amezketara joan nahi diat, herritarrak ikusi nahi dizkiat'. Akabo. Ezer prestatu gabe zegoen. Bazkaldu gabe zuzenean Amezketara joan nintzen. Iritsi nintzenean jendea tabernan oraindik kafea hartzen ari zen. Gazteekin hitz egin eta maindira batzuk hartuz pankarta batzuk egiteko esan nien. Ugartetik gora karabanan ekarri genuen Tolosa; herrian buelta bat eman eta gizona gustura utzi genuen".  

Beste anekdota bat ere etortzen zaio burura Tolosari lotuta: "Pilota utzi behar zuela erabaki zuenean, etxera etorri zitzaidan. Azken partidan omenaldi bat egin nahi ziotela baina ez zekitela nola eta ea nik antolatuko ote nuen. 'Bai, gizona'. Orduan, Gipuzkoako federazioan nengoen eta Eibarko delegatuarekin, Azpeitikoarekin... zerbait prestatu genuen. Amezketatik ere bi autobus osatu genituen. Omenaldian horrenbeste jendek parte hartu nahi zuen, denentzat lekurik ez zela izan ekitaldian. Haserre geratu zenik izan zen. Oso ondo atera zen dena, eta astelehenean Joxean berriro etxera etortzen zait. Sobre batean, 1.250.000 pezeta. 'Hau dek atzo atera zen dirua, pilotariri eta dena ordainduta. To! Pilota eskolarako edo nahi dekenerako!'. Hori ezin nuela horrela hartu esan nion, eta udaletxera joan ginen. Agiri bat osatu eta pilota eskolari eman zion diru guztia. Orduan erabaki genuen Amezketan jokatzen zen txapelketari Joxean Tolosa izena jartzea".

Xaltonen partida 22ra iritsi da, baina berriak etorriko dira. Oraingoz, Zazpi Iturrik jarraipena izango du. Herriko hiru gazte arduratuko dira hasiera batean, tartean, Jokin Altuna bera. Zabalak begi onez ikusi du etapa berriaren hasiera: "Hauek hiru dira, ondorioz, ziur lana nik baino askoz hobekiago egingo dutela. Hor ez daukat zalantzarik".

Azken urteetako pilota eskolen ibilbidea ikusita, ordea, zailtasunak ere izango dituztelakoan dago amezketarra: "Herri txikietan gero eta zailagoa da pilota eskolak aurrera ateratzea. Une honetan Tolosakoa izango da pilota eskola indartsuenetakoa, baina inguruko herrietako pilotariak joaten direlako. Herri txikietan pilota barru barruan eraman izan dute; beste sentimentu bat dago. Frontoirik gabeko herri txikietatik zenbat pilotari atera dira. Lehen gertatzen zen hori bai zela harrigarria. Gu zentzu horretan arkaikoak gara. Euskaldunok 140.000 urte baldin baditugu, pentsa euskarak zenbat dituen, eta pilotak? Aralarren hor dauzkagu hainbat pilota soro eta pilotaleku. Gure artzaiak han ibiltzenz iren. Gero behera etorri zen hori, pixkanaka. Tolosako Beotibar Laskorain kaleraino iristen baldin bazen, zerbaitengatik izango zen. Herri handietan ahoz ahoko transmisio hori galdu egin da, baina Amezketan oraindik kontatzen da garai batean bote luzeko desafioa nola jokatu zen Albizturren aurka, Lizartzan. Gero borrokan egin zuten, eta Amezketako batek Albizturko bat hil zuen. Duela 200-300 urteko kontuak, baina oraindik kontatzen direnak".

Xalton Zabalak agur esan dion arren Zazpi Iturri pilota eskolari, Pilota Bizi Elkartean jarraituko du. Pilotari kirolaz gain beste ikuspegi bat ematen. "Ni oso militantea izan naiz beti. Pilotan, lantokian, ... abeslari ere izan nintzen. Abeslari ez, kantante; abesteko ideiarik ez nuen arren hor ibiltzen nintzelako kantua ematen. Protesta kantantea izan nintzen. Esan beharreko gauzak inork ez zituela esaten ikusten nuen, eta orduan, nik esan behar nituela erabaki nuen. Pilota ere gure kultura bezala ikusten dut. Euskara gure hizkuntza den bezala, pilota gure kultura da. Ez da Irlandatik eta Ingalaterratik etorritako kirol bat. Hau gurea da eta ez baldin badugu zaintzen, agur. Nik behintzat hori aldarrikatzen jarraituko dut, lehen ere diputazioaren aurrean aldarrikatzen nuen bezala. Pilota Bizik antolatzen duen txapelketaren izenak argi uzten du: Euskal Herriko nazio txapelketa. Hori ez da ahaztu behar". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!